victor Goikoetxea pintore eta muralgile hernaniarrak larunbatean bukatu zuen Zinkoeneako kiosko berria apaintzeko lana. Zeregin hori egiteko proposamena Udalak egin zion Goikoetxeari. Negualdean, urrian izan zen ordea, eta eguraldi txarraren eraginez, hasitako lana atzeratu egin beharko zela esan zion udalari. Hala, udan berrekin dio margolanari eta hilabete inguru behar izan du bukatzeko. Joan den larunbatean bukatu zuen, zehazki. Kioskoak hartu duen itxurarekin oso gustora geratu dela azaldu dio Goikoetxeak Kronikari.
Zinkoenearen itxura
berriarekin bat
Zinkoeneako obrekin, bertako kioskoa ere aldatu egin zen lekuz eta itxuraz; lauki itxurako kiosko txuri bat jarri zuten. Plazak orain duen itxurarekin bat egiten zuen kioskoa egin nahi izan du Goikoetxeak. Kioskoaren itxura bizitzeko eta ukitu modernoa emateko, zuhaitzez betetako baso bat margotu du artista hernaniarrak. Txuri beltzean egina dago. «Kioskoak duen karratu formako bolumen itxusi horri toke artistikoa ematen ahalegindu naiz. Ukitu garaikidea eman nahi izan diot eta aldi berean, plazaren itxura berriarekin bat datorren modernotasuna».
Zuhaitzen eta prentsaren arteko lotura
Zuhaitzez osatutako basoa egitea ideia ona iruditu zitzaion, kioskoan material nagusia papera delako eta ideia horrekin, guztia lotzen duelako. Egunkariak eta aldizkariak paperez eginda daude eta hauek zuhaitzetatik datoz.
Italiara bueltan
Goikoetxeak azaldu zuenez, udalak proposatutako lana bukatzera etorria zen udan Hernanira. Orain, zeregina bukatuta, Italiara itzuli da lanean segitzera.