Xabier Salillas bigarren Calcenadako herri lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 11a, 02:00

pasa den ostiralean, Zara­gozan, Calcenadako herri lasterketa egin zen, Moncayo mendi ezagunaren magaletan. Xabier Salillas hernaniarrak parte hartu zuen ultrafondo deitzen den modalitatean eta 104km egin zituen korrika. Bere helburua 12 ordutatik jaistea zen eta alde haundiarekin lortu zuen helburua betetzea: 11 ordu eta 22 minutuan bukatu zuen eta bigarren geratu zen. Aurreko errekorra 11 ordu eta 35 minututan zegoen eta ostiraleko lasterketan lehenengo hirurek bakarrik lortu zuten marka haustea.


Lasterketa gogorra
Lasterketa mota hau oso gogorra da. Berez, oinez, zaldiz, bizikletaz eta korrika egin liteke eta korrika egitea erabaki zutenak 50 inguru izan ziren. Horietatik 30 inguruk lortu zuten amai­tzea. Eguraldiak, gainera, ez zuen askorik lagundu. Zerua lainotuta egon zen eta segituan ilundu zuen. Frontalak eraman arren, behelainoak ikusmena zaildu zien parte hartzaileei.


80 km-tik aurrera bigarren
Salillasek atzeko postuetan hasi zuen lasterketa, baina kilometroek eta gauak aurrera egin ahala, hobeto senti­tu, motibatzen hasi eta 80garren kilometroan bigarren postuan jartzea lortu zuen. Handik aurrera, ezin izan zioten postu hori kendu.


Bukatutako guztiak garaile
Lasterketa bukatu eta sariak banatzean, Salillasek lasterketa bukatu zuten guztiak goraipatu zituen. «Bigarrena ni geratu naiz, baina lasterketa bukatu duten guztiak dira irabazle lortu duten postua lortuta ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!