«elkarrekin udaran ere, herria bizirik!» lema hartuta, argi eta garbi du Hernaniko Gazte Asanbladak bere asmoa. Udarari begira antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera bultzatu nahi ditu adin guztietako herritarrak. Udaran jendea oporretara joaten den arren, herrian geratzen direnak ere badirela kontuan hartu dute, eta horiei zuzenduta, makina bat ekintza antolatu dituzte herriko gazteek.
Lehenengo ekintza joan den hilean bultzatu zuten Karmengo jaietan parte hartuta. Jokoak antolatu zituzten eta lortu zuten bai euren helburua betetzea; kaleak ederki girotu zituzten. Baina ez da uztailean egin duten ekintza bakarra izan. Horrez gain, Arcachoneko ur parkera ere joan ziren egun pasa, eta arrakasta haundia izan zuen planak. Hala, abuztuan ere hainbat jarduera antolatu dituzte.
Eskalada ikastaroa gaur
Urrutira joan gabe, gaur bertan eskalada ikastaroa antolatu dute. Parte hartu nahi duenak Garin tabernan du izena emateko aukera. Baldintza bakarra jarri dute, 18 urteak beteak izatea. Arratsaldeko 16:00etan izango da Tilosetan.
Bihar , berriz, Kolonbiako Vivoarte proiektuko gazteak izango dira Hernanin hitzaldi bat ematen. Euskal Herri mailan egiten ari diren itzuliaren barruan iritsiko dira Hernanira. Biterin izango da arratsaleko 19:00etan.
Pala txapelketa hilaren 29an
Hilaren azken larunbaterako, abuztuaren 29rako, pala txapelketa antolatu dute. Txapelketa honen eta oraindik zehazteko dauden beste zenbait asmoren informazio zabalagoa aurrerago eskainiko dutela jakinarazi dute, ekintza gerturatu ahala. Kronikak horien berri emango du.