Uztailan 150 bat pertsona hurbildu dira Hernaniko turismo bulegora

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 10a, 02:00

Bigarren urtez, Urbieta kalean turismo bulegoa jarri dute uztaila eta abuztuan. Krisiak turismoan eraginik izan badu ere, turismo bulegotik pasa den jende kopurua parekoa izan da. Kronika bertara hurbildu da aurtengo bisitarien datuak biltzera.

Uztailan 150 bat bisitari inguru
Ania Ibargurenek, turismo bulegoko langileak adierazitakoaren arabera, joan den urtean bezala, uztailan 150 pertsona gerturatu dira bulegora: «Iaz, bi hilabetetan 300 bisitari inguru izan ziren guztira, eta uztaileko datuen arabera, aurten ere beste hainbeste gerturatuko direla aurre-ikusten dugu».

Euskaldunak gehien bat
Bisitari gehienak euskaldunak dira. Hala, euskerazko informazio liburuxkak dira azkarren bukatzen direnak. Gehienak bizikletan nahiz oinez egiteko ibilbide bila hurbiltzen dira turismo bulegora. Bestalde, hernaniar ugari gerturatzen da, besteak beste, zerbait oparitzen ote duten galdetzera. Bestela, iaz bezala, bisitari gehienak katalanak dira. Hala ere, Alikantetik, Galiziatik... ere, joan dira informazio eske. Urrutiago-tik hurbiltzen direnak ere badira. Esaterako, frantsesak, holandarrak eta irlandarrak izan dira Hernaniko turismo bulegoan. Ibargurenek adierazitakoaren arabera, azken hauek ez dira infornazio zehatz baten bila joaten, «zer dagoen ikustera etortzen dira».

Eskuragarri dagoen informazioa
Hernaniri dagokionez, eskuratu daitezke herriko plano turistikoa, monumentu historikoen informazioa eta parke botanikoari buruzko liburuxkak. Gainera, Chillida-Lekuri buruzko informazioa ere banatzen dute. Eska­latzea gustuko dutenek Santa Barbaran eskalatzeko bideak biltzen dituen mapa eskuratzeko aukera ere badute. Inguruko herrien informazioa ere badago aukeran, esaterako, Astigarragako Sagardo Etxeari buruzko txostenak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi eta Santiago bideari buruzko liburuxkak eskuragarri dau­de. Azken honetan, Her­nanik badu bere lekua, etapetako bat herritik abia-tzen baita. Horrez gain, abuzturako Aranzadi Zientzi Elkarteak informazio gehiago bidaltzea espero dute.

Urtean zehar langileak eta udaran turistak
Hernanin ostatu hartu nahi dutenek bi aukera dituzte: herrian bertan geratzea edo inguruko nekazal-etxeetan. Batean zein bestean, urtean zehar langileak izaten dira nagusi. Udan berriz, turistak. Asko Donostia ezagutzera etortzen dira, baina inguruko herrietan bilatzen dute lo-lekua. Herriko pentsioa eta hotela izan dira krisiaren eragina gehien nabaritu dutenak. Hala ere, jendea izan dela adierazi dute. Hauetan ere, katalanak dira gehienak, baina leku guztietako bezeroak ere izan dituzte: holandarrak, portugaldarrak, italiarrak... Gehienak gau bakar baterako geratzen dira. Bestalde, abuztuan gorakada nabaritzen ari dela azaldu digute eta Donostiako Aste Nagusia dela eta, jende gehiago espero dutela. Nekazal-etxeei dagokienez, Pardiola baserrikoek Kronikari adierazitakoaren arabera, ez da krisiaren eraginik nabaritu. Azken hilabeteetan gela guztiak bete dituzte eta abuztu osoan ere ez da ia gela hutsik geratzen. Erdia baino gehiago Kata­lanak dira, baina Madriletik etorritako jende asko ere badago. Besteetan bezala, europarrak ere badira. Gipuzkoan, turista gutxiago, baina egonaldi luzeagoak Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) ekaineko turismoaren inguruko da­tuak argitaratu ditu. Euskal Autonomi Erkidegoan, iaz baino turista gutxiago izan dira. Gipuzkori dagokionez, guztira 74.260 bisitari zenbatu dira; iaz baino 4.343 gutxiago. Datuak kalkulatzeko, hoteletan inskribatu den jende kopuruan oinarritu dira. Hala, turista kopurua %5,5 jaitsi da. Baina datuak ez dira hain kezkagarriak; izan ere, bisitari kopurua txikiagoa bada ere, egun gehiagotarako geratzen dira. Batez beste, bi gauez geratzen dira Gipuz­koan ostatu hartzea erabakitzen duten turistak. Hortaz, krisiak turismoan eraginik izan badu ere, egonaldiak luzatu direnez, ondorioak ez dira espero bezain larriak izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!