AZKEN urteetan bezala, Donostiako Musika Hamabostaldiaz gozatzeko aukera izango da Hernanitik mugitu ere egin gabe. Hamabostaldia hilaren 4an hasi zen eta irailaren 5a arte luzatuko da. Tartean, astebururo izango dira kontzertuak Chillida-Lekun. Aurrenekoa bihar izango da, Juan Manuel Cañizaresek emana.
Cañizares,
gitarrista flamenkoa
Juan Manuel Cañizares gitarrista flamenkoa da, eta biharko kontzertuan Iberia Flamenco lanaren interpretazioa egingo du. Iberia Flamenco Isaac Albeniz maisuaren lanik garrantzitsuenetarikoa da. Lana teknika eta xehehetasun haundiarekin aurkeztuko du Cañizaresek.
Biharko emanaldian, Cañizares ez da bakarrik egongo taulagainean. Kontzertuan ere parte hartuko dute Juan Carlos gomez gitarristak eta Rafa Villalba perkusionistak. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan izango da, Chillida-Leku museoan.
Rober Muraro pianojolea datorren astean
Datorren asteburuan, hilaren 16an, Roger Muraro pianojolea izango da Chillida-Lekun. Murarok Ravel musikariaren obra interpretatuko du, bere musika inpresionista jasota. Pianojolea gustuko dutenek, bi saio izango dituzte aukeran. Aurrenekoa arratsaldeko 18:00etan eta bigarrena 19:00etan. Sarrerak 10 euro balio ditu.
Judith Jauregi eta Kirmen Uribe abuztuaren23an
Hilaren 23an musika eta olerkiaren arteko elkarrizketa izango da Chillida-Lekun, Judith Jauregi pianojolearekin eta Kirmen Uribe olerkariarekin. Bertan, Ravel, Albéniz eta Bartok musikarien lanak bat egingo dute Unamuno, Lauaxeta, Orixe eta Lizardiren poemekin. Emanaldia, 19:00etan izango da, 10 euroren truke.
Carlos Mena kontratenorea abuztu amaieran
Abuztuaren 30ean Carlos Mena kontratenorearen kontzertua izango da museoan, Susana Garcia de Salazar pianojolearekin. Carlos Menak duen ahots nahastezinarekin, oso ezberdinak diren lanak jorra ditzake, eta kasu honetan, honakoak izango dira: Aita Donostiaren Euskal preludioak; Isaac Albenizen Otoitz eta Zanbra; Bala Bartoken Suite eta Dantza errumaniarrak; eta Enrique Granadosen Quejas o la maja y el ruiseñor eta El pelele. Kontzertua aurrekoen ordu berean izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta 10 euro balio ditu.