Xabier Salillas hernaniarrak egun erdi bat pasako du korrika datorren ostiralean, Zaragozan. Ultrafondo deitzen zaion modalitatean, 104 km egin beharko ditu Salillasek, Calcenadako herri lasterketan; Moncayo mendi ezagunaren magaletan. Froga hori oinez, zaldiz, bizikletaz eta korrika egin liteke, eta mendi-pistetan egiten da.
Bukatze hutsa meritu
Korrika egitea erabaki dutenak 80 lagun inguru izango dira, eta tartean hernaniar bat, Xabier Salillas. Salillasek Kronikari adierazi dionez, 12 ordutik jaistea da bere helburua: «Iaz irabazi zuenak 11 ordu eta 40 minutu behar izan zituen, eta beraz, helburu polita da 12 ordutik jaistea. Ultrafondoan, meritu haundia da lasterketa bukatze hutsa. Normalean, erdia baino gehiago erretiratu egiten dira (iaz 59 atera ziren, eta 40 erretiratu)».
Espainiako txapelketan 4garren, bere kategorian
Salillasek ondo ezagutzen du distantzia luzeko lasterketa. Aurten, Espainiako asfalto gaineko 100 km-ko Txapelketan 4garrena izan zen bere kategorian, eta absolutuan 23garrena. Kronikari adierazi dionez, ondo entrenatua dago, «Egunero 2 ordu egiten ditut korrika, eta asteburuetan 6-7 ordu. Guk ez dugu beste entrenamendurik: korri, korri eta korri».