garikoitz Altuna amezketarra da Casino Kursaal txapelketako lehenengo pausoa eman duena, atzo Julen San Migueli 35-32 irabazita. Txapelketako lehendabiziko partidua zen larunbatekoa, final 16renetakoa, eta ondorioz, Altuna IIak final 8renak jokatuko ditu, Urriza eta Juaristiren arteko irabazlearen kontra. Jaialdiko ezustekoa Koteto Ezkurrak eman zuen, jaialdiko hirugarren partiduan (txapelketaz kanpokoan) min hartu baitzuen iztertxokoan.
Sakez 10 tanto, eta San Miguel txapelketaz kanpo
Hamaika berdinketa izan zituen partiduak, 72 minutuko iraupena, eta elkarri neurririk hartu ezinda ibili ziren bi pelotariak. Elkarrekin irabazi dute aurten binakako txapelketa, eta biek ondo ezagutzen dute elkar. Bestearen terrenoan ibili ziren ondoen bi pelotariak. San Miguelek aurrean egin zituen tantorik gehienak, tartean txapa gain-gainean utzitako 2 dejada, baina apenas aprobetxatu zuen bere zartakoa. Amezketarrak berriz, inork espero ez zuena egin zuen, eta atzera jokatu zion San Miguel gazteari. Atzelari onenen neurrian aritu zen, eta sakez 10 tanto egin zituen, nahikoa, partidua irabazteko. Orain, Garikoitz Altunak final zortzirenak jokatuko ditu abuztuaren 11ean, Urriza edo Juaristiren aurka. Horiek datorren larunbatean jokatuko dute (abuztuak 8) final 16renetako beste partidua. San Miguel promesa haundia da erremontean, baina hirugarren urtez jarraian txapelketatik kanpo geratu da.
Koteto Ezkurra duda
Inork espero ez zuela, bigarren urtez jarraian Ezkurra txapelketaz kanpo geratu liteke, lesioa medio. Larunbatean, jaialdiko hirugarren partiduan, 4-4koan bertan behera utzi behar izan zuten neurketa. Txapela 9 aldiz jantzi duen doneztebarrak min hartu zuen izter-txokoan, eta 15 egun ditu bere onera etortzeko. Gaur ekografia egitekoa du, eta hor argituko da jokatuko duen hala ez.