Gazteentzako Babes Ofizialeko 50 etxebizitza egin nahi dituzte atletismo pista inguruan

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 3a, 02:00

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da eta etxebizitza dotazionalak izango dira: gazteentzat, merkeak eta txandakakoak. Konkurtsoan dago proiektua, etxebizitza horiek diseinatzeko eta obrak nola egin erabakitzeko.

Orain dela sei hilabete, aurreko Jaurlaritza taldeak eta Hernaniko Udalak hitzarmena sinatu zuten Babes Ofizialeko alokairuko etxebizitzak bultzatzeko. Bertan, Udalak Jaurlaritzari atletismo inguruko lur zatia utzi zion eta etxebizitza dotazionalak egingo zirela hitzartu zen; orduan ez zen zehaztu zeini zuzenduko zitzaizkien. Orain dela gutxi jakin denez, egungo Jaurlaritza taldeak proiektuarekin au­rrera jarraituko du eta gazteentzako etxebizitzak izango dira. Etxebizitza horiek diseinatzeko eta obrak nola egin erabakitzeko konkurtso fasean dago proiektua. Guztira 45-50 etxebizitza dotazional egitea aurreikusten da. Proiektua egiteak luze joko du. Obrak egiten hasteko datorren urtea izango da gu­txienez, eta bukatzeko bi urte behintzat pasako dira.

Gazteentzat, merkeak eta txandakakoak (rotatiboak)

Etxebizitza dotazionalak ikas­le-erresidentzia modukoak dira. Oso oinarrizko apartamentu txikiak dira; Herna­niko kasuan, 40-60 m2 ingurukoak izango dira. Gela pribatuak izango dituzte, baina zenbait instalazio eta zerbitzu denek erabiltzeko izango dituzte, etxebizitzaren beheko pisu­an. Horrez gain, bi ezaugarri berezi izango ditu etxebizitza mota honek. Batetik, alokairu merkekoak izango direla eta bestetik, txandakakoak. Kon­tratua urtero berritzeko au­kera izango da eta gehienez bost urtez. Jaurlaritzaren esanetan ekonomikoki baliabide askorik ez duten gazteei zu­zenduko zaizkie etxebizitza hauek, eta alokairuaren kostua gaztearen irabazien araberakoa izango da. Soldata igotzen doan heinean alokairua ere igo egingo da. Halako etxebizitza batean sartzeko oinarrizko baldintza da Babes Ofizialeko Etxe­bizitzen araudia betetzea: urteko soldata 3.000 eta 35.000 euro artekoa izatea, eta beste etxerik ez izatea.

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bide bat

Bere garaian, Udalak pentsatu zuen etxebizitza mota hauek bultzatzea, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko beste bide bat zelako. Hala, Plenoan onartuta eman zitzaion lurra Eusko Jaur­laritzari. Orduan, Udalak gazteentzat eta adineko pertsonentzat izatea proposatu zuen. Kronikari Ma­rian Bei­tialarrangoitia alkateak azaldu dionez, «Gazteen eta adinekoen arteko elkarbizitza polita eta positiboa izango litzatekeela pentsatzen dugu. Gainera, ingurua adinekoentzat egokia da zonalde irekia eta laua delako». Jaurlaritzako Edurne Do­mi­n­gorenaren ustez, ordea, «ez du zentzurik adinekoentzat izateak bertan sartu behar dutenen egoera ekonomikoa hobetuz joango dela espero baita, eta hori adinekoen artean ez da posible. Bost urteren ondoren, zer egin adineko pertsona horiekin?». Adine­koentzat ez izan arren, begi onez ikusten du Beitia­la­rran­goitiak, gazteentzat al­ter­natiba izan daitekeelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!