aZKEN bi egunetan, Burgosen eta Mallorcan izan diren atentatuak salatzeko, kontzentrazioa izango da gaur udaletxe aurrean, eguerdiko 12:00etan. Asteazkeneko atentatua Burgoseko Guardia Zibilaren kuartelaren kontrakoa izan zen. Atzoko atentatua Mallorcan izan zen, eta bertan bi Guardia Zibil hil ziren.
Atentatua salatzeko idatzia
Atzo arratsaldean udaletxean izandako Plenoan, Hernaniko Alderdi Popularrak atentatua salatzeko idatzia aurkeztu zuen, eta onartu egin zen PSE-EE, EAJ-PNV, Alkarbide eta PPren aldeko botoekin. Gobernu Taldea eta Ezker Batua abstenitu egin ziren. Ezker Batuak abstentzioaren arrazoiak argitu zituen, ondorengoa adieraziz: «argi utzi nahi dut gogor kondenatzen ditudala Burgoseko eta Mallorcako atentatuak, eta ETA guztiz soberan dagoela; baina, ez nator guztiz bat PPk aurkeztutako komunikatuarekin».
Hernaniko Alderdi Popularrak Plenora eramandako idatziak honakoa dio: «Hernaniko Alderdi Popularrak gogor salatzen ditu azken bi atentatu terroristak, eta bereziki atzokoa, bi hildako eragin zituena. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen familiei eta Guardia Zibilari, hildakoak bertako parte baitziren. Baita ere adierazi nahi dugu ETA talde armatuaren aurkako gaitzespenik gogor eta erradikalena. Horrez gain, gaitzetsi nahi ditugu talde armatua babesten edo zuritzen dituzten talde guztiak, Euskal Herria eta Espainia odolez zikintzen jarraitzen baitute»