Hernaniko 4 1/2ko Pelota Txapelketak baditu irabazleak: Iñaki Esnal, Bisintxo Bilbao, Ander Lopez, eta Josu Altuna. Lau kategoriatan jokatu ziren atzoko finalak, eta 10:30etatik aurrera Hernaniko frontoira inguratu zirenek, zein baino zein ikusi zituzten Hernaniko pelota eskolako pelotaririk onenak.
Infantilek hasi zuten atzoko jaialdia, eta Josu Altunak 18-15 irabazi zion Hodei Nobleri. Kadeteetan Ander Lopez izan zen onena, Jon Ander Elortzari 22-15 irabazita. Jubeniletan Bisintxo Bilbaok hartu zion gaina Xabi Santxori, 22-16. Eta nagusietan, Iñaki Esnal eta Josu Oiagak neurtu zituzten indarrak, eta zaharrena nagusitu zen, 22-17, oso partidu perekatuan. Esnal eta Oiaga jokatzen hasi zirenerako, frontoia oso itxuratua zegoen jendez.
Denboraldi bukaera
Atzoko finalak jokatuta, denboraldia ia bukatu dute Hernaniko pelotariek. Atzo urtero bezala, bazkaria egin zuten, eta 40 lagun inguru bildu ziren Peña Otaño elkartean. Abuztuko jaialdiak jokatu, eta irailean hasiko dute denboraldi berria, aurten bezain oparoa izatea espero dutena.
48 final eta 17 txapela
Aurtengo datuak ez dira nolanahikoak. Hernaniko pelotariek 48 final jokatu dituzte, eta 17 txapela ekarri dituzte etxera. Hernaniko pelota elkarteak 60 pelotari inguru ditu federatuak, eta pelota eskolan beste 40 inguru ari dira. Elkartean lanean 6 lagun aritu dira: Josu Oiaga, Aitor Gorrotxategi, Paul Ojuel, Garbiñe Tijero, Rufino Rekalde, eta Miguel Ezpeleta. Buruntzaldeko teknifikazio taldetik laguntza eman dieten biak berriz: Oier Mendizabal eta Mikel Salaberria.