chillida Lekun lau kontzertu zeuden iragarrita Musika Hamabostaldiaren barruan. Orain arte bi kontzertu eman dituzte eta gaur izango da hirugarrena. Kirmen Uribe eta Judith Jauregik eskainiko dute gaurko kontzertua. Bertan, olerkia eta musika batuko dituzte. Arratsaldeko 19:00etan izango da eta ordu bete lehenago irekiko dituzte ateak. Sarrerak 10 euroan daude salgai eta internet bidez erosi daitezke www.quincenamusical.com helbidean.
Olerkia eta musika
elkarrizketan
Gaurko emanaldian olerkia eta musika elkarrizketan ariko dira Kirmen Uribe olerkariarekin eta Judith Jauregi pianojolearekin. XXgarren mendeko sortzaileen lanak berreskuratuko dituzte. Jauregik Ravel, Albeniz eta Bartok musikarien obrak interpretatuko ditu eta Uribek Unamuno, Lauaxeta, Orixe eta Lizardiren olerkiak errezitatuko ditu.
Besteak beste, honako obrak interpretatuko ditu Jauregik: Aita Donostiaren Euskal Preludioak; Isaac Albenizen Otoiz eta Zanbra; Bela Bartoken Suite; eta Enrique Granadosen Quejas o la maja y el ruiseñor eta El Pelele.
Uribe idazle oparoa
Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak lehenago ere uztartu izan du literatura bestelako arteekin. Hainbat ikuskizunetan hartu izan du parte. 2000 urtean, Bar Puerto jarri zuen abian Mikel Urdangarin eta Josu Eizagirrerekin batera. Hala, taula gainean poesia, musika, bideoa eta ahozko historia bildu zituzten.
Hiru urte beranduago, berriz, Zaharregia, txikiegia agian CD-liburua argitaratu zuen Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariekin eta Mikel Valverde ilustratzailearekin.
Gaurkoan, euskal idazleen artean, Lizardiren olerkiak ekarriko ditu gogora Uribek, ondo ezagutzen duen idazlea. Izan ere bere lehenengo lana berari buruzko saiakera izan zen; Lizardi eta erotismoa izenekoa.
Jauregi pianojole gaztea
Judith Jauregi pianojole donostiarrak 24 urte besterik ez ditu, baina sari ugari jaso ditu Estatuan eta baita nazioartean ere. Aipagarrienak dira Valladolideko Frechill-Zuloaga VIII Nazioarteko Piano Saria eta XXVII Albacete Hiriko Pianojole Gazteen Txapelketa. Horrez gain, azken txapelketa horretan Chopinen Musikaren Interpretazio Onenaren Saria jaso zuen eta baita musika españolaren interpretazio onenarena ere.
Donostiako Musikaldia bezalako festibal ugaritan jo izan du, hala nola: Bilboko Musika Festibalean, Castell de Peralda Nazioarteko Musika Festibalean, Dino Cianni Festibalean...
Gaur Chillida Lekun, beraz, musika eta literaturaren arteko elkarrizketaz gozatzeko aukera ederra izango da bi euskal artista haundiren eskutik.
Azken kontzertua datorren igandean
Menarekin
Datorren igandean azken emanaldia izango da Chillida Lekun. Carlos Mena kontratenoreak emango du kontzertua Susana Garcia de Salazar pianojolearekin.
Kontratenore gasteiztarraren berezitasun nagusia da ahots nahastezina duela, eta hortaz, oso ezberdinak diren lanak jorra ditzake. XXgarren mendeko euskal eta europar konpositoreen obrak eskainiko dituzte. Besteren artean, Vaughn-Williams, Listz, Guridi, Isasi, Bernaola eta Erkorekaren lanak.
Datorren igandean 19:00etan izango da eta sarrera 10 euroan dago.