Hernanin, joan den urtean baino 206 langabetu gehiago izan dira ekainean

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 6a, 02:00

langabezia denon ahotan dabilen gaia da azken al­dian, krisia dela eta, az­ken urtean gora egin baitu. Her­nanin bertan, joan den urtean baino 206 langabetu gehiago izan dira ekainean INEMen datuen arabera. 2008ko ekainean 719 langabetu zeuden eta aurten 925. INEMek ez ditu oraindik herrietako uztaileko datuak argitaratu. Beraz, Herna­niko egoera azken hilabetean zein izan den ezin da jakin. Dena dela, uztailean langabezia haunditzea ohikoa dela ikusi daiteke, orokorrean hala gertatu baita 2001 urtetik. Gainera, INEMek atera berri dituen datuetan ikusi daitekeenez, uztailean, He­go Euskal herriko herrialde guztietan haunditu da langabezia Araban izan ezik. Gipuzkoan hazi da gehien, ekainean baino 523 langabe gehiago daude. Denetara 35.485 langabetu daude, iaz baino 10.149 gehiago. Hori horrela, Hernanin joera be­ra aurreikusten da.


Hernanin, iaz baino 200 bat langabetu gehiago, oro har
Apiriletik ekainera bitarte INEMek bildutako datuak aztertuta, aurten Hernanin, joan den urtean baino 200 bat langabetu gehiago daudela ikusi daiteke. 2008an apirilean 775 ziren eta aurten 969 izan dira. Maiatzean 766 zeuden iaz, eta aurten, 961. Ekainean izan da alderik haundiena, 206 langabetu gehiagorekin. 2008an 719 zeu­den eta aurten 925. Sexu eta adinari dagokionez, ekainean egon diren langabetu gehienak 25-44 urte bitarteko gizonezkoak izan dira; 245 zeuden. Emakume­en kasuan ere adin tarte horretan kopurua antzekoa izan da, 240 langabetu zeuden ekainean. Joan den urteko ekaineko datuekin konparatuta, gizo­nezkoetan langabezia haundiena, orain bezala, 25-44 urte bitartean zegoen, baina kopurua askoz txikiagoa zen. 139 zeuden. Ema­ku­me­zko­etan, be­rriz, 45 urtetik go­ra­ko­en ar­tean zegoen langabezia gehi­en iazko ekainean; 220. Sektoreka aztertuz gero, langabetu gehien duen sektorea zerbitzuena dela ikus daiteke, ekainean 587 langabetu zeuden. Iaz ere, sektore guztien artetik zerbi­tzuen sektorean zeuden langabe gehien, baina aurten baino 104 gutxiago; 483 zeuden.

Azken hilabeteetan egoera hobetu
Azken hilabeteetan langabezia kopurua jaisten joan da iaz bezala. Azken hiru hilabeteetan joera horri eutsi dio Hernanik. Apirilean 969 langabetu zeuden, maiatzean 961 eta ekainean 925. Beraz, 44 langabe gutxiago zeuden ekainean. Gizonezkoen egoera da hobetu dena orokorrean. Ia adin tarte guztietan jaitsi da langabetuen kopurua. 45 urtetik gorakoen artean, ordea, apirilean baino langabetu bat gehiago zegoen ekainean. Emakumeen artean, berriz, 25 urtetik berakoen eta 45 urtetik gorakoen langabezia kopurua jaitsi egin da, baina 25-44 urte bitartekoena igo, 240 langabetu zeuden ekainean, apirilean baino 4 gehiago. Sektoreetan, zerbitzuetan dago langabetu gehien, baina egoera hobetu egin da aipaturiko hiruhilekoan. 611 langabetu zeuden apirilean, eta ekainean, 587.


Aurten lan kontratu gutxiago
Lan kontratuak apiriletik ekainera bitarte hazi egin dira. 302 egin ziren apirilean eta ekainean 444. Joera hori normala izaten da udaran aldi baterako kontratuak egiten direlako, baina joan den urtean baino gutxiago egin dira aurten. 2008ko ekainean 517 lan kontratu egin ziren, aurten baino 73 gehiago. Kontratu gehien zerbi­tzuen sektorean egin dira, denera 323. Joan den urtean 400 izan ziren zerbitzuen sektorean kontratatutako lan­gileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!