Auzitegi Nazionala Egunkaria Auzia epaitzearen alde agertu da. Pello Zubiria auzitik kanpo uztea erabaki du, bere kontrako akusazioak preskribatu duelako. Xabier Alegria ere auzitik kanpo utzi du akusazio beragatik lehenago epaitu zutelako 18/98 Auzian. Beste bost akusatuak Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga dira eta horiek epaitu egingo ditu, Egunkarian ´izandako ardurengatik`, ETAko kide izatea egotzita. Ekainaren 23an defentsak eta fiskalak Egunkaria Auzia ixteko eskatu zuten eta AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko. Auzitegi Nazionalak auziarekin jarraitzea erabaki du.
Sei urteko auzia
Egunkaria orain dela sei urte, otsailaren 20an, itxi zuen Guardia Zibilak Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz eta hamar lagun atxilotu zituen. Horien artean zeuden aipaturiko zazpi akusatuak.