SAN Inazio eguna da gaur eta beste hainbat herritan bezala, Hernanin ere izango da festa ospatzeko aukera. Urteroko ohiturari jarraituz, Santa Barbarako tontorrean festa giroa izango da nagusi. Hernaniar asko dira hitzorduari hutsik egin gabe bertara hurbiltzen direnak, eta aurtengo egitaraua ere horretarako aproposa da. Festa goizeko 11:00etan hasiko da, eta arratsaldeko azken orduetara arte luzatuko da; besteak beste, bertsolariak, herri kirolak, bazkaria eta haur jokoak izango dira.
Bertsolariak eta
herri kirolak
Jai eguna bertso saioarekin hasiko da Santa Barbaran. Antton Garin, Agin Rezola eta Xabier Legarreta bertsolariak izango dira bertan, eta aurreneko saioa goizeko 11:00etan izango da. Saioaren ondoren, 12:15etan, meza izango da. Segidan berriz, herritar ugari erakartzen dituen herri kirolak izango dira: aizkolariak, txinga probak eta harrijasotzaileak. Hiru probetan, zein baino zein, herriko bi talde izango dira, besteak beste, honako kirolariez osatuak: Larra, Larrabide, Barrenetxea lehengusuak, Suharri eta Paolla. Hiru proben amaieran, onenenek ondo irabazitako sariak jasoko dituzte: kopak eta txapela. Goiz osoan zehar bertsolariak eta trikitilariak izango dira jai eguna girotzen.
Bazkaria indarberritzeko
Santa Barbaran bildutakoek, arratsalderako indarrak berreskuratzeko, bazkari bikaina izango dute, 14:00-14:30ak aldera. Hogeita bost euroren truke menu ederra izango dute: marmitakoa, txuleta eta ijito besoa (bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar ziren).
Haurrentzako festa
arratsaldean
Bazkalostean, arrratsaldeko 16:30etatik aurera, bikotekako toka txapelketa izango da. Hala ere, Santa Barbarako San Inazio egunean ekitaldi guztiak ez dira helduei zuzendutakoak. Gaur, arratsalde osoan zehar, haur jolasak izango dira.
Arratsaldeko 17:30etatik aurrera aldiz, Erromeriarekin dantza saio bikaina egiteko aukera izango da.
EGITARAUA:
11:00 Bertsolariak: Antton Garin, Agin Rezola eta Xabier Legarreta. (Herri kirolen tartean eta bazkalondoren ere ariko dira).
12:15 Meza.
13:00 Herri kirolak: aizkora, txingak eta harrijasotzea. Tartean bertsolariak eta trikitilariak.
14:00 Bazkaria. (Txartelak aurrez erosi behar ziren).
16:30 Lagunarteko toka txapelketa.
Ondoren Haur jokoak eta txokolatada.
17:30 Erromeria.