denboraldia ezin hobeto bukatu dute Hernaniko igerilariek. Joan den astean Espainiako Absolutuen Udako Txapelketa jokatu zen Kanarietako Las Palmas hirian, eta Olatz Altunak eta Mañel Aizpuruak bakarka eta taldean domina ugari lortu zituzten. Jon Murua entrenatzaileak Kronikari azaldutakoaren arabera, nazioartean lehiatzeko maila dutela erakutsi zuten eta txapelketatik ateratako balorazioa oso positiboa da. «Biek oso maila altua dutela eta Estatu mailan hoberenen artean daudela erakutsi dute. Nazioarte mailan lehiatzeko moduko maila dute. Oso marka onak lortu dituzte». Mañelek 100 libre frogan zilarrezko domina lortu zuen eta Euskadiko errekorra ere bai 49.75 denborarekin. Olatzek, aldiz, 50 librean lortu zuen zilarrezko domina eta baita Euskadiko errekorra ere, 25.94 denborarekin. Horrez gain, Maitane Danborenak lehenengo aldiz hartu zuen parte halako mailako txapelketan, eta 100 bizkar frogan finalera pasatzea lortu zuen. Bere adinekoen artetik lehenengoa izan zen, denen artetik 16garren geratuta.
Ezustekoa errelebotan
Jon Murua entrenatzailearen esanetan, sorpresa haundiena erreleboetan egon zen. «Bakarkako frogetan ikusten ziren aukerak, baina errelebotan espero baino hobeto ibili dira. Mutilek orain arte lortu izan dituzte Euskadiko errekorrak, baina azken txapelketa honetan froga guztietan lortu dituzte eta gainera, 4x50 libre frogan Espainiako errekorra egitea lortu dute nahiz eta azkenean bigarren geratu. Maila altua da».
Horrez gain, neskek egindako markak nabarmendu ditu Muruak. «Nesketan orain arte ez da Euskadiko errekor askorik egitea lortu eta oraingoan dexente». Hiru frogatan zehazki.
Sei domina guztira
Bakarkako frogetan zilarrezko domina bana lortu zuten Mañel eta Olatzek, baina errelebotan beste mordoska izan ziren. Olatz eta Mañel Gipuzkoa mailakoa den Bardulia taldearekin aritzen dira halako mailako txapelketetan. Mañelek parte hartu zuen mutilen taldeak zilarrezko domina lortu zuen 4x50 libre frogan eta brontzezko bana 4x200 librean eta 4x100 librean.
Olatzek parte hartu zuen taldeak brontzezko domina lortu zuen 4x50 libre frogan. Beraz, guztira 6 domina eskuratu zituzten.
Indartsu dator Maitane
Maitane Danborenak 16 urte ditu eta txapelketa honetan adinez nagusiagoak direnekin lehiatu da, eta bertan, orain arte emandako maila erakutsi zuen. Dena dela, emaitzen aldetik baino, bizitako esperientziagatik izan da beretzat positiboa Muruaren iritziz, izan ere, «adinez bera baino nagusiagoak direnekin lehiatu da eta ondo moldatzen dela erakutsi du. Ez da kokildu».