uztailaren azken egunean izaten da San Inazio eta Euskal Herriko hainbat txokotan jaieguna den bezala, Hernanin ere hala da. Santa Barbara auzoan festa giro ezin hobean jende ugari bildu ohi da jaiegun honen aitzakian. Jon Iraola antolatzaileetako bat da eta Kronikari azaldu dionaren arabera, egitarauan ez dute aldaketarik egin, baina jende asko hurbiltzen da urtero eta aurten ere hala espero dute. «Ez egitarauak eskaintzen duenagatik, jaieguna delako eta jendeak ohitura duelako baizik». Aurten ere gerturatzen denak izango du zertaz gozatu.
Bertsolariak eta trikitilariak goizetik eguna girotzen
Eguna behar bezala girotzeko goizetik bertso saioa izango da. Antton Garin, Agin Rezola eta Xabier Legarreta ariko dira goizeko 11:00ak aldera, baina goizekoa ez da emango duten saio bakarra izango. Egunean zehar ere ariko dira bertsotan.
Eguerdiko 12:15etan, ohi bezala, meza izango da. Ondoren, eguerdiko 13:00etan, herri kirolen txanda izango da. Aurretik, ordea, bertsotan ariko dira aurrez aipatutako hiru bertsolariak eta trikitilariak ere giroa gehiago berotzen saiatuko dira.
Bazkarirako txartelak aurrez erosi behar dira
Herri kirolei dagokienez, azken urteetan bezala, herriko bi talde ariko dira norgehiagokan. Besteren artean, Larra, Larrabide, Barrenetxea lehengusuak, Suharri, Paolla... Aizkoran, txingan eta harrijasotzen ariko dira. Eta ondo merezitako sariak ere izango dituzte, kopak eta txapelak.
Kirola egiteak eta begira egoteak ere gosetu egiten duenez, bazkaria izango da 14:00-14:30ak aldera. Hori bai, txartelak aurrez erosi behar dira eta horretarako azken eguna biharkoa da. 25 euroren truke marmitako, txuleta eta ijito besoz lepo jartzeko aukera izango da. Txartelak Aralar eta Kitton daude salgai. Tripa ondo bete ondoren, bertsoez gozatzeko aukera izango da berriro.
Arratsaldean haurren
txanda
Egun guztian ez da aspertzeko denborarik izango. Bazkaldu bezain pronto bikotekako toka txapelketa izango da. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da. Eta noski, haurrentzako ekintzak ere ez dira faltako. Arratsaldean haur jokoak eta txokolatada egingo dira.
Erromerian dantza saio
ederra egiteko aukera
Arratsaldeko 17:30etatik aurrera Erromeria izango da eta dantza saio ederra egingo du batek baino gehiagok. Eta erromeria bukatuta ere, seguru giroak jarraituko duela, asteburua aurretik izanda, parranda egin nahi duenak ez baitu horretarako oztoporik izango.
EGITARAUA
11:00 Bertsolariak: Antton Garin, Agin Rezola eta Xabier Legarreta. (Herri
kirolen tartean eta bazkalondoren ere ariko dira).
12:15 Meza.
13:00 Herri kirolak: aizkora, txingak eta harrijasotzea. Tartean bertsolariak eta trikitilariak.
14:00 Bazkaria. (Txartelak aurrez erosi behar dira. Azken eguna bihar. Aralar
eta Kitton 25 euroan).
16:30 Lagunarteko toka txapelketa.
Ondoren Haur jokoak eta txokolatada.
17:30 Erromeria.