Igogailuak harrera ona izan du herrian

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 27a, 02:00

ekainaren 23an inauguratu zen apeaderoa eta Kaxkoa batzen dituen igogailua. Orduz geroztik, 24 orduz funtzionatzen du, eta erabiltzaileen segurtasunerako, Udaltzaingoarekin konek­tatuta dauden bi kamara jarri dituzte barruan. Marian Beitialarrangoitia alkatearen esanetan, apeaderora iristea errazteaz gain, igogailuak Karabel eta Zikuñagako auzoa erdialdearekin hobeto lotzen ditu. Baina herritarrek zer diote?

Itziar, 28 urte
Ondo iruditzen zait igogailua jarri izana. Jendeak erabiliko du, baina nik trena ez dut askotan hartzen eta, orduan, igogailua ere ez.

Fredy
Oso ondo dago. Karabelen edo Zikuñagan bizi den jendearentzat primeran dago. Balantxako aldapa igo beharrean, igogailua hartzea oso erosoa da.

Jone, 39 urte
Eguneroko bizitza errazten duela uste dut. Umeen aldetik, kotxeekin ibiltzen direnentzat, oso ondo dagoela uste dut. Eta helduen aldetik, eskailerak igotzea gogorra egiten denez, lagungarria dela iruditzen zait.

Jose, 86 urte
Hemen egin zezaketen gauzarik onena da. Inguru horretan bizi den jende guztiarentzat oso erosoa da eta apeaderotik datozenentzat ere ezin hobea. Bestetik, umeen kotxeak igo eta jaisteko ere erraztasun haundia eskaintzen du.

Miguel, 53 urte
Igogailua jarri izana izugarri ondo iruditzen zait. Beharra zegoen. Askotan igo behar izan ditut eskailera hauek eta sekulako aurrerapena iruditzen zait.

Begoña, 37 urte
Ni asko kexatzen nintzen lehen, parkeari egindakoak pena handia ematen zidalako. Baina Karabelen bizi naiz, eta beno, umeekin igotzeko izugarri ondo dago; berehala iristen gara auzora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!