Zangozarrak izango dira Santa Ana eguneko gonbidatu bereziak

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 24a, 02:00

Astigarragako patroia Santiago bada ere, Santa Ana egunak beti izan du garran-tzia haundia. Astigarraga, Zipotza eta Goldea elkarte soziokulturalek 30 urte daramazkite egun horretako ekin-tzak prestatzen. Baserritarren eguna izateaz gain, urtero izaten dira sagardo dastaketa famatua eta herri kirolak. Gainera, azken 15-20 urteetan, toki desberdinetako nekazari eta artisauak ekartzen ahalegindu dira. Santa Ana egunaren antolaketan urrats berri bat eman nahi izan zuten. Egunaren ohiko egitura mantenduz, bes­te herri batzuen ohiturak, nekazaritza, artisautza, herritarrak... txertatu nahi izan di­tuzte. Helburua elkarteen arteko harreman bat sortzea da: beste leku bateko herritarrek, astigartarrekin fes­ta giroan bat egitea. Iaz burutu zen lehen aldiz iniziatiba hau eta Ezpeletako herritarrak Astigarragan izan ziren. Aurten berriz, Zangoza merindadeko herritarrak izan­go dira gonbidatu bereziak.

Zergatik Zangozarrak?
Antton Arkak, antolatzaileetako batek, azaldutakoaren arabera, Erronkari edo Zaraitzuko bailaretako herriren bat aukeratu nahiean ibili ziren. Baina txikiegiak ziren eta Zangozako merindadea gonbidatzea erabaki zuten. Honek aipatutako bi bailarak hartzen ditu eta Nafarroako bost merindadeetatik hedadurarik zabalena du. Biztanle aldetik berriz, herritar gutxien biltzen dituena da. Hala ere, aintzinako ohiturak gorde-tzen herri aberatsa da. Gastronomiari dagokionez, Erronkariko ardi-gazta eta potxak aipagarriak dira. Horiek dastatu eta zangozarren gainontzeko dantza eta ohiturez gozatzeko aukera izango da igande honetan Astigarragan.

Goizean goiz, kalejira eta artisauen erakusketa
10:30etan Zangozako 15 bat gaztek osatutako fanfarrea izango da eta baita gaiteroak ere. Kalejiran saltoka ibili eta gero, sagardo dastaketarekin batera, Zangozako artisauek erakusketa bat egingo dute. Merindadeko ekintza ekonomiko nagusietako bat po-txak haztea da. Hala, igandean, babarrun berezi hauek dastatzeko aukera izango da. Horretaz gain, artzain-apurrak eta Erronkariko gazta ere jan eta erosi ahalko dira. Gainera, hau egiteko prozesua ikusgai izango da erakustaldian. Bestalde, ardo beltz ekologikoa egiten dute. Hori dela eta, bertako kupelagile batek 300 litroko kupel bat eramango du eta ardoa botilaratuko du bertan. Nekazaritza kultura ere badute eta artalde bat izango da Astigarragan. Ilea moztuko zaie, gero kardatu, askatu eta koltxoi bat egingo dute.

Eguerdian ongietorria
12:30etan ongietorria egingo zaie etortzekoak diren 80 bat zangozarrei. Abesbatza izango da, dantza talde eta guzti. Goldea eta Zipotzeko ordezkariek bertako ordezkariei zuzendutako ekitaldian, udaletxeko balkoitik azalpena emango dute. Gainera, egun honetarako prestatu duten mural bat zabalduko dute. Bertan, Zangozako ezaugarri historiko-kulturalak irudikatutzen dira. Horren ondoren, beraiekin batera bazkari bat egingo da Rezola sagardotegian.

Arratsaldean dantza eta herri kirolak
17:30etan Zangozako dantzariek emanaldi bat emango dute bertako dantzarik berezienak erakutsiz. Ondoren, Zangoza eta Astigartarren arteko norgehiagoka izango da herri kiroletan. Batetik, ardigintzan arituko dira. Sei partaide izango dira talde bakoitzean eta hamar ardiko artalde bat izango dute. Lehenik eta behin, plaza batetik bestera mugitu beharko dute eta lau taldekidek ilea moztuko diete. Bitartean, beste biak, koltxoi bat askatzen, aletzen, karda­tzen... arituko dira berriz ere koltxoia osatu arte. Bestetik, basogintzan lehiatuko dira. Talde bakoi­tzak 1 metroko perimetroa eta 2,5 metroko luzera duten hiru enbor izango ditu. Bertikalki, behin moztu beharko dituzte eta horizontalki, zortzi aldiz. Ondoren, 700 kiloko zama osatzen duten ebakitako enbor zatiak lera baten gainean jarri beharko dituzte. Zama hori soinean harturik, hamabi plaza denbora gutxienean egiten duen seikoteak irabaziko du.

Zangozar guztiei agurra
20:00etan, Foru plazan, emango zaiei agurra aurtengo gonbidatu bereziei. Zangozar guztiei eskerrak emango zaizkie eguneko ekintza horietan izandako presentziagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!