madalena jaiak ospatzeko aukera izango da igandean, herritik mugitu ere egin gabe, Lizeaga auzoan zehar, goizeko 09:00etan hasita, egun osoko festa izango baita. Festak adin tarte guztietako auzotarrei eta herritarrei daude zuzenduak, egun pasa egiteko era guztietako ekitaldiak antolatu baitituzte. 09:00etako txupinazoaren ondoren, 09:30etan haurrentzako jolas ugari antolatu dituzte antolatzaileek: sokatira, lokotxak, txingak, eta zaku eta goilara lasterketa, besteak beste. Jolasak amaitu bezain laister, atsedenik hartu gabe, 11:00etan, kalejira izango da auzoko kaleetan barrena. Ordu erdi geroago, aurten aurreneko aldiz, patata tortila lehiaketa izango da. Partehartzea libre izango da, hau da, nahi duen guztiak izango du parte hartzeko aukera. Lehiaketa 11:30etan izango den arren, partehartzaileek tortilla 11:00etan eraman beharko dute Gay-Mur ikastolara. Ordubete beranduago, 12:30etan, helduei zuzenduta, txistorra pintxoak izango dira, eta baita sagardoa txotx-etik edateko aukera ere. Herritar guztiei zuzendutako ekitaldia izango da, eta bertara hurbildu eta jan edo edanaren arabera ordainduko da. Txistorradaren ondoren, 13:00etan, lehiaketa ezberdinetako sari banaketak izango dira.
Paella herritarra bazkaltzeko
Bazkalorduan, 14:00etan, paella jatea izango da. Bazkarira joateko txartelak aldez aurretik erosi behar ziren. Saldu diren txartel kopurua haundia dela kontuan izanda, aurten ere paella herritarra arrakastatsua izatea espero dute antolatzaileek.
Ondo bazkaldu ondoren, arratsaldeko 16:00etan marrazki lehiaketa izango da, eta segidan, 17:00etan egingo da lehiaketako sari banaketa. Ordu berean hasita, diskofesta eta puzgarriak ere izango dira Gay-Murren. Azkenik, jaiei amaiera emateko txupinazoa, arratsaldeko 20:00etan izango da.
Joan den urtean berreskuratutako festak
Lizeagan
Madalena jaiak 1983garren urtean hasi ziren ospatzen, hiru egun irauten zuten, eta hamaika urtean arrakasta haundia izan zuten.
1994tik ospatu gabe izan ondoren, joan den urtean berreskuratu zituzten auzoko gazte talde batek.
09:00 Txupinazoa.
09:30 Haur jolasen hasiera.
11:00 Auzoko kaleetatik kalejira.
11:30 Patata tortila lehiaketa.
12:30 Txistorrada eta txotx!.
13:00 Lehiaketa ezberdinetako sari banaketa.
14:00 Paella herritarra.
16:00 Marrazki lehiaketa
17:00 Diskofesta/Puzgarriak /Marrazki lehiaketaren sari banaketa.
20:00 Festa bukaera.