Pasabideetarako lizentzia berriak eskatu behar dira udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 23a, 02:00

Pasabideetako baimen edo lizentzien inguruko arau­dia onartu berri du Udalak. Horren arabera erabakiko da esate baterako, garaje baterako sarbidea erabat libre uzteko baimenik eman edo ez. Araudia herri osorako izango da eta orain arte baimendutakoei eta horrenbestez, erabiltzen ari diren pasabideei ere aplikatuko zaie. Horregatik, nahiz eta gaur egun horrelako baimen baten jabe izan, berriz eskatu beharra dago.

Baimen motak
Udalak ematen dituen pasabide baimenak mugagabeak izan daitezke, iraupen mugarik ez dutenak alegia, edo behin-behinekoak edo mu­ga­­tuak, aldi baterako emandakoak alegia, obra bat egiteko emandakoak, esate baterako. Gainera baimenak beste bi eratakoak izan daitezke: etengabeak, ibilgailuak eguneko 24 orduetan pasatzeko modukoak, eta ondorioz egun osoan bidea libre behar dutenak, edota ordukakoak, ordu batzuetarako balio du­tenak.

Pasabide iraunkorra
Onartutako ordenantzaren ara­­bera, honako kasuetan ba­karrik emango dira bai­menak: erakunde eta instituzio ofizialei, beti ere interes orokor eta publikoak tartean badaude; garaje edo aparkaleku publiko zein pribatuei; familia bakarreko edo biko etxebizi­tzetako garajeei; gasolina zerbitzuguneei; garraio zerbitzu publikoko enpresei; klinikei, erietxeei edo asisten­tzia zentroei, eta salbuespen gisa, merkataritzako edo zerbitzuetako lokalei, arrazoituz gero.

Ordu batzuetarako
Orduka denean, egunean 12 orduz izango da gehienez, eta ezin izango da larunbat arratsaldetan eta jaiegunetan (salbuespenezko egoeratan bakarrik onartuko da, eta behar-beharrezkoa bada). Honelako kasuetan bakarrik emango dituzte: industria eta merkataritza biltegiei; eraikuntza, zaharberri­tze eta konpontze lanetarako; tailer mekanikoei, kon­tzesionarioei eta abarrei; eta ezaugarri beretsuetako beste jarduera batzuei, baimena lortuz gero.

Lizentziarik ez
Araudiak dio ez dela pasabide lizentziarik emango besteak beste honako kasuetan: ibilgailuek berdeguneren bat zeharkatu behar badute; 5 metro zabal baino gehiago den espaloi publikoa edo oi­nez­koen­tzako guneak edo pa­sabide bat zeharkatu behar denean, non eta garaje ko­mu­nitarioak ez diren; oinezkoen pasabide bat zeharkatu behar denean edo hartatik 5 metro baino gutxiagora pasa behar denean; ibilgailuek espaloien, lorategien, aparkaleku publikoen eta abarren ohikoen erabilera publikoa eragozten duenean. Eskaera asko banan ba­nan aztertuko dituzte Udal­tzai­nek eta udal zerbitzuek, esate baterako lehentasunezko bideei, bide nagusiei alegia, eragiten dieten eskaerak.

Gaur egun daudenentzat ere eskatu behar da
Baimendutako pasabide guztiek, baita gaur egun baimenduta daudenek ere, ordenan­tza berriaren araberako baimena eskatu behar dute. Orain arte era askotako seinaleak zeuden, zaharrak era berriagoak, batzuk baimenik gabe jarriak eta baten batzuk jabeek berek eginak ere bai. Eta hori konpontze aldera dator araudi berria. Hemen­dik aurrera seinalea bakarra izango da eta homologatua. Seinalea jartzeaz gain, lurreko markak ere jarriko dira. Obra egi­teko balitz, horretarako bai­men guztiak ere bete beharko lituzke. Interesa duen jabeak edo titularrek eskatu behar dute. Elkarteen kasuan, or­dez­ka­riek; obren kasuan, obraz ar­duratzen denak eta udal kon­tzesioetan, kontzesiodunek.

Pausuak
Ondorengo dokumentazioa eraman behar da: eraikinaren edo dena delakoaren jabetza edo titulartasuna adierazten duen agiria; obren kasuan, baimena; planoak, eraikinarena, sarbidearena eta eragiten dien elementu urbanistikoena. Eskaera udal erregistrora eraman behar da, eta Udalak eskaera aztertu eta onartzen duenean, baimentzeko plaka emango dio interesdunari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!