Hernani partian atalean Hernaniko Kronikak bertso sailak eskainiko ditu, abuztua amaiera bitartean. Bertan, Hernaniko bertsolariek Hernaniri edo bertako gaiei buruz jarritako bertsoak argitaratuko dira. Bertso saila astero izango da, eta gaurkoan, Joxe L. Urdangarinek jarritako saila izango da: Sagardotegiak.
I
Sagardoa da sagarra eta
ideia on baten frutu
edanda ez da ezer gertatzen
nahiz Adan janda damutu
mutuai bista itzultzen dio
eta hiztuna itsutu
mila txokotan eginagatik
kupeletik kukurruku
leku gutxitan atera zaio
Hernanin adina zuku.
II
San Sebastian abiapuntu
Aste Santua helburu
kriton jendetza erakartzen du
ehundaka mila
inguru
botilak ditu purgatorio
kupeltegia tenplu du
ateo gehien biltzen dituen
erlijioa seguru
Hernanin eta inguruetan
sagardoarena dugu.
III
Lehen tragoa usaitu eta
aztertzen da kolorea
bigarrenean esan daiteke
hona duen zaporea
hirugarrena beti da ona
ta laugarrena hobea
jaki piska bat lagun hartuta
halako plan dotorea
munduan nonbait izan
daiteke
nik non ez dakit ordea.
IV
Hala’re ardi galduak erraz
tokatu ohi dira antza
hark irrintzia honek antsia
ta beste horrek arrantza
ezinbesteko erritmoa da
kupearteko balantza
otorduetan harrokeria
ta ordaintzean zalantza…
maindirerikan zurienetan
somatzen da gehien mantxa.
V
Horren kontura bizi garela
asko esatea bada
horrekin ongi bizi garela
esanda pakea hara.
Asteburuko jende oldeek
sortzen duten lurrikara
gure tabernek baretzen dute
egin ez dezaten traba
-
Ongi etorri mundu guztia
sagardoaren mekara!
VI
Ohitura zarrak mundu berrira
dakartzatenentzat gurdi
afalondoko bertsolarien
inspiratzaile bihurri
arrotzarentzat gehiegizkoa
maite dutenentzat urri
igaro behar izanagatik
mila krisi ta izurri…
izandu degu, da ta izango
mama gozoen iturri.
Egilea: Joxe L. Urdangarin
Doinua: Hamarreko haundia
2003an jarriak eta Joxe Legarreta ‘Pepito’ zenaren omenez Ereñotzun eta Hernanin egin ziren
saioetan kantatuak