`Arild Andersen Trio´ren kontzertua igandean Chillida-Lekun, Donostiako Heineken Jazzaldiaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 22a, 02:00

DONOSTIAN ekitaldi ugarik erakartzen dute inguruko eta urrutiko jendea, eta horietako bat da Do­nostiako Heineken Jazzaldia. Gaurtik igandera arte izango da, eta hiriburuko eta inguruko herrietako hainbat txoko musikaz bete­ko ditu; horien artean Hernaniko Chillida-Leku museoa.

`Arild Andersen Trio´ igandean
Jazza igandean iritsiko da Chillida-Lekura, eguerdiko 13:00etan, eta kontzertua Arild Andersen Trio talde haundiak emango du. Arild Andersen jazzaren aintzindaria da Eskandinavian. Baxu­jole boteretsua da, eta joan den urtean Frantziako Aca­démie du Jazz-ek, Europako jazz musikari onena izendatu zuen. Kontzertuaren prezioa museora sartzeko ordaintzen den bera izango da; horrez gain, informazio gehiago nahi izanez gero, ondorengo telefonoa jarri dute herritarren zerbitzura: 943 336 006.

Hirurogei kontzertutik gora
Aurtengo Jazzaldian hiruro­ge­itik gora kontzertu entzun ahal izango dira, hamabi e­s­zenatoki ezberdinetan ba­na­tuta: Victoria Eugenia An­tzo­kia, Kursaal Audito­rioa, Al­txerri, Be Bop, Tri­nitate Pla­za, Ager­toki Ber­dea, Fri­go Gunea, Heineken Karpa, Euskal Jai Pelotale­kua, Uni­on Artesana Elkar­tea, Zien­tzia­ren Kutxa­gunea eta Chi­llida Leku. Gai­nera, eszenatoki guzti hauetan, urteroko ohiturari jarraituz, jazzjole haundiak entzun ahal izango dira: aurtengo esanguratsuenen artean, on­do­rengoak ageri dira: Carla Bley, Hank Jones, Jazz Ti­mes, Joe Lo­vano, Open Mike eta Roy Haynes, besteak beste.

Roy Haynes Donostiako Jazzaldia 2009 saria
Jazzaldiaren ba­rruan, urtero Donostiako Jazzaldia saria ematen du­te, eta aurtengoa Roy Haynes baterijole beteranoarentzat izango da. Roy Hay­nesek 84 urte ditu, eta Heineken Jazzaldiko zuzendaria den Miguel Mar­tinek adierazitakoaren arabera jazzaren protohistorian jotzen hasi zen jazzlari haundia da Haynes, garai guztietara ego­kitu dena. Hay­nesek ostiralean emango du kontzertua, aurten berreskuratutako Trinitate Plazan, gaue­ko 21:00etan; sarrerak 30 euro balio du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!