Madalen jaiak gaur hasiko dira Zaharren Egoitzan

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 21a, 02:00

bihar Madalen eguna izaki Zaharren Egoitzan jaiei ongi etorria egiteko asmoa dute gaur, jai bezperan. Hiru egunez ospatuko dituzte jaiak eta urtero bezala, ekitaldirik ez da faltako ez goizez eta ez arratsaldez.

Igel txapelketa eta merienda
Gaur goizeko 10:30etan ekingo diote Madalen jaiei. Esnatzeko modu ederra izango dute Igel Txapelketa antolatu baitute eta bista eta punteria adi-adi izatea komeni. Arratsaldea lasaiagoa izango da, patxadan jan eta kontu-kontari aritzeko merienda berezia egingo baitute.

Egun haundia
Madalen eguna izango da bihar eta egun haundia huraxe izango da. Goizeko 09:30­etarako oraindik esnatu ez denak ez du beste erremediorik izango Txistulariekin Diana izango baita ordu horretan. Ordu bete geroago, Toka txapelketa egingo dute. Gaur igelean punteria hobea nork duen argi geratzen ez bada, bihar dudak alde batera uzteko aukera izango dute berriz ere. Arratsaldean, 17:00etan, egingo duten Bingo bereziarekin ere izango da saltsa Egoitzan eta seguru inor aspertzeko aukerarik ez dela izango.

Punttoa eta argazkiak
Ostegunean, azken egunean, goizeko 10:30etan Puntto Txapelketa egingo da. Karta jokoan dituzten abileziak agerian uzteko aukera ederra izango dute. Jaiei amaiera, arratsaldeko 17:30etan emango diete argazki emanaldiarekin. San Joanetan eta irteeretan egindako argazkiak ikusiko dituzte bertaratzen direnek. Urtero bezala, Madale­nekin bat, hiru egunotan ederki asko pasatzeko plana dute aiton-amonek Zaharren Egoitzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!