Morau eta Agoteek adio esan zuten atzo Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 19a, 02:00

2004an argitaratu zuten lehendabiziko diskoa elkarrekin, Txukalda, eta 2008an bigarrena, Kalamidadiak. Au­rretik hala ere, urte batzuk emanak zituzten elkarrekin. Kontzertu sail ederra eman ondoren eta Kalamidadeak aireratu ondoren, adio esateko garaia iritsi zaie. Morauk eta Ago­teek azkeneko kon­tzertua eman zuten elkarrekin atzo, gertukoenen artean. Andoni Tolosa Morau hernaniarrak eta Ander Barre­netxea Martindegi auzoko semeak, taldekideek lagunduta, adio esan zuten, azken kontzertua etxean eskainiz.

Kalamidadiak aireratzen
Kalamidadiak ez dira pertsonak, egoerak eta gertaerak dira, «gaurko eta hemengo gizartea jota daukaten gai­tzak dira» eta horietaz hitz egin eta kantatu dute diskan: kontrol soziala, kontsumismoa, prekarietatea, torturaten aurrean ez ikusiarena egitea eta abar dira kalamidadeetako batzuk.

Bilakaera musikala
Kalamidadiak Txukalda diskoaren jarraipena da baina aldaketa nabarmenak eginda musika motan eta. Txukalda 2004an argitaratu zuten, eta balada eta doinu akustiko gehiago zituen on­do­­rengoak baino. Herri txiki batekoa naiz eta Eus­kal­du­nak, txakur eta haurrei euskaraz! abestiak diska honetakoak dira, musikalki eta eduki al­de­tik «alaiagoa» Morauren ustez. Kalamidadiak diskoa, au­rre­koaren aldean, poperoagoa eta biziagoa da, eta edu­ki gogorrekoa izanagatik, «bi­zi­pozak kutsatutakoa» de­la esan zuten aurkeztu zutenean. Mo­rau­ren esanetan, «mo­nografikoagoa, letra gordinekin eta, batez ere, umore beltz haundiarekin egina».

Bi agote hernaniar
Atzo arte taldea Andoni Tolosa Morauk, Jexus Agi­rresarobe baxujole usurbildarra, Beñardo Goienetxe gi­ta­rrajole beratarra eta Ander Barrenetxea bateriajole hernaniarrak osatu dute, azkena Igor Mendiaren bateriajolearen ordez sartu zenetik taldean; «bostak izan gara betiko agoteak».

Etxekoekin eta etxean
Azkeneko kontzertua etxean ematea erabaki zuten eta etxekoentzat. Arrazoiak be­rriz asko dira Morauren esanetan, «aukera ederra delako Oialume tabernako terraza azpian jotzea; bestetik, familiari begirako emanaldia egin nahi genuelako, gertu-gertuko jendearentzat, etxekoen­tzat; gainera Oialume bera leku berezia da musikak bertan beti izan duen garran­tziarengatik, eta gainera, bertako jendeak ikaragarri lagundu digu». Bapo bazkaldu eta gero, ger­tuko publikoak umoretsu, emozionatuta eta gertutik go­zatu zuen Morau eta Ago­teen azkeneko emanaldiaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!