Azken txapelketak ezin hobe joan zaizkio Maitane Iruretagoienari. Orain dela bi aste partaidetza mugagabeko probetan parte hartu zuen Tolosan eta Europako txapelketan parte hartzeko minima lortu zuen. Joan den asteburuan, berriz, Mallorcan jokatu zen Espainiako txapelketan txapeldun izan zen 100m-ko frogan 12.24 denborarekin. Errelebotan, 4x100m-ko frogan, urrezko domina eta txapelketako errekorra lortu zuen beste hiru taldekiderekin. Horiek horrela, Novi-Sad-en (Serbia) izango den Junior mailako Europako Txapelketarako txartela lortu du. Txapelketa datorren ostegunean hasi eta igandean amaituko da. Bertan, Espainiako selekzioarekin korrituko du eta 100m-ko frogan eta 4x100m erreleboko frogan hartuko du parte.
Helburuak
ez oso «altuak»
Maitane Iruretagoiena oso pozik dago joan den asteburuan Espainiako txapelketan lortutako emaitzekin. «Minima aldez aurretik lortu izanak lasaitasun haundia eman zidan eta semifinalean oso gustora korritu nuen. Finalean, berriz, oso urduri nengoen. Irteera oso txarra izan nuen eta beste bi lehiakideak aurretik atera ziren, baina azkeneko metroan aurreratu nituen. Karrera polita izan zen eta emozionantea», azaldu dio Kronikari.
Mallorcan txapelketa ona egin bazuen ere, Europakoan helburuak ez direla «oso altuak» izango azaldu du. «Txapelketa horietan maila haundia izaten da eta fasez pasatzearekin konformatuko nintzateke edo marka pertsonala hobetzearekin».
Rivasek brontzea Bestalde, Servando Rivas ere izan zen Espainiako txapelketan eta brontzezko domina lortu zuen 60.56m-ko jaurtiketarekin.