Udalak udararo Oporrak Bakean egitasmoa martxan jartzen du eta horren bidez urteko sasoi honetan Saharako umeak etxean hartzeko aukera izaten da. Aurten Saharako kanpamenduetako 7 ume etorri dira: Mentou, Mohamed, Fatimetu, Fatma, Mohamed, Bujari eta Bachir. Kanpainaren helburuak dira, besteak beste, umeei errefuxiatu kanpamenduetatik atera eta udara hango baldintza gogorretatik kanpo pasatzeko eta beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea. Horrez gain, hemen, beharrezkoak dituzten osasun azterketak egiten zaizkie.
Umeak bi hilabeterako etorri dira. Uztailaren 11n iritsi ziren etxera, Hernanikora, eta atzo udalak harrera ofiziala egin zien hernaniarren izenean. Irailaren erdialdera itzuliko dira beraien etxeetara, desertura. 7-12 urte bitartekoak dira.
Familia gazteak
Azken urteetako beherakadari aurre eginez aurten 7 ume etorri dira Saharako kanpamenduetatik, udara Hernanin pasatzera. Horietako sei hurbildu ziren atzo udaletxera, zazpigarrena oporretara joana baita bere harrera familiarekin.
Harrera familietako batzuk hartu izan dituzte umeak etxean beste urteetan eta beste askok, bikote gazteek, lehenengo urtea dute.