Uztaileko larunbateroko zita izango dute bihar ere Chillida Lekun musikaz eta eskulturaz gozatu nahi duten haurrek. Orain arte bezala, horretarako propio prestatutako tailerra izango dute eta Donostiako Orfeoiko adituak eta musika tresna bereziak ez dira faltako tartean. Tailerra 4 urtetik gorako umeentzako eta beraiekin joaten diren helduentzat da (gehienez bi). Doanekoa da (museoko sarreraren barruan sartzen da) eta ez da izena eman behar aurretik. Gainera, ez da solfeorik behar musika jotzeko. Biharko tailerra euskaraz emango den azkena izango da. Datorren larunbatean amaituko dira tailerrak eta hura gazteleraz izango da. Ordua 11:00etatik 12:30etara.
Funk eta afrobeat
kontzertua
Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu Chillida Lekun. Makulu Ken taldeak joko du 18:00etan. Funk eta afrobeat jotzen ditu talde honek. Helburua musika gazteei ezagutaraztea denez, kontzerturako sarrera 3 eurokoa besterik ez da izango.
Museoa, bere filosofiari jarraituz, artearen disziplina ezberdinak uztartzen ahalegintzen da urtero eta ekitaldi ezberdinak antolatu ohi ditu. Aurten musika da ardatz, horregatik, Aurreko larunbatean Acido C taldeak jo zuen eta bertaratutako jendea gustoz eseri eta etzan zen zuhaitz artean funka entzutera.
Abuztuan beste tailer bat
Zein soinu dute eskulturek? tailerra izango da datorren hilean. Chillidak erabilitako materialak ezagutuko dituzte umeek eta horiekin eskulturak egin eta gero, musika sortuko dute.