KAXKOAK badu Alkate berria, urtebetez kargoan egongo dena, atzo Kaxkoko bizilagunak hala izendatuta: Maria Jesus Iturbide izango da. Manuel Yaben aurreko urteko Alkatearen eskutik jaso zuen Alkate Makila, baita Aldaba eta loresorta ere. Emozionatuta zegoen Alkatea eta hitzik ez zuela eta denak maite dituela esanez agurtu zuen Kale Nagusiko balkoipean begira eta txaloka zuen jende andana.
Bazkaria Plaza Berrin
Eguerdian koadrila ederra bildu zen mahai bueltan Plaza Berrin. Kaxkoko bizilagunak elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatu zuten eta kantu saioak adierazten zuen bezala, gustora aritu ziren.
Ume, gazte eta helduentzat jolasak
Arratsaldean umeentzako jolasak eta txokolatea izan ziren. Eta ondoren koxkorragoentzat ere bai, Gazte Asanbladak antolatuta.
Ez ziren faltatu atzo arratsaldean karta saioak. Emakumeak izan ziren atzoko karta jokoan protagonista, bikoteetan bietako bat behintzat hala behar baitzuen.
Sardina freskuak
Karmengo Ama arrantzaleen patroia delako edo, baina ilunabarrean ohitura dute Kaxkoan sardina jatea egitekoa. Ederki estimatu zituzten bizilagunek sardinak eta sagardo freskua, bero latza izan baitzen atzo. Ohiko txupinazoarekin bukatu zuten festa.