Hernani ezagutzen atala itzuli da

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 15a, 02:00

udalak hitzarmena sinatu zuen 2007an Aranzadi zientzia elkartearekin, azken honek herriko Natur Ondarearen az­terketa egin zezan. Ikerketa Aranz­adiko kide den Iñaki Sanz hernaniarrak eta Ibai Ola­ri­agak egin zuten UPV-EHUko irakasle Joserra Die­zen zu­zen­daritzapean. Azterketa horren helburua zen herriko Natur Onda­rearen diagnostikoa egin eta gero, udalari egoera azaldu, eta hobetzeko proposamenak lu­za­tzea zen. Baita jendeari ezagutaraztea ere. Dibulgazio asmo horrekin, Kronikak iaz, zenbait txokori buruzko in­for­mazioa eman zuen Her­nani ezagutzen atalean; hala nola, Antziola, Urruzuno eta Usoko erre­kena, eta Epele eta Ereño­tzu basoena. Gaurtik aurrera, txoko gehiago ezagutzeko au­ke­ra izango da.

Begiak irekitzeko baliagarri
Azterketa 2007 urtearen ama­i­e­ran eman zuten ezagutzera Sanzek eta Olariagak, eta San­zek Kronikari azaldu dionaren arabera, udalerri mailan begiak irekitzeko balio izan du, eta pixkanaka ari zaio probetxua ateratzen. Izan ere, honen bidez garatuz doaz Her­naniko Ibilbi­de Sarea, Topa­gune Berdea eta aurten mar­txan jarritako azken proi­ektu bat: Urruzuno bailarako landare mehatxatuen mi­kro­erreser­ba sarea proiektua. Natur Ondarearen azterketari esker, Europa osotik zenbait espezie Hernanin bakarrik daudela jakin da eta sakonago aztertuz gero, gehiago ere izango direla uste du Sanzek.

Ikerketagatik saria
Udalsarea 21 erakundeak To­kiko Iraunkortasunerako Saria izeneko lehiaketa antolatu zu­en iazko azaroan bigarren al­diz, eta Hernanik irabazi zuen. Udalsarea 21 EAE mailako erakundea da eta sare honen bi­dez koordinatzen dira udalerri ba­koitzean garapen iraunkorraren alde egiten diren ahaleginak. Momentuan 197 udalerri daude bertan, baita Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputazioa, EU­DEL eta IHOBE ere. Herna­niko Natur Ondarea ikertzeagatik eta bertako me­hatxatutako landare espezie­entzako mikroerreserba sarea sortzen egindako lanagatik lor­tu zuen saria Hernanik. Sanz Barakaldoko BECen bertan izan zen proiektua aurkezten eta bere hitzetan, «sorpresa haundia izan zen, batez ere, finalera iritsi ziren beste herriak Busturia eta Gasteiz izan zirelako». Hemendik aurrera, pro­i­ektu berriak garatzeko prest daudela eta lanean jarraitzeko asmoa dutela dio Sanzek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!