Lau urte eta gero, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan izango da udara ondoren. Hamalau saiotako txapelketa izango da, eta irailean hasiko da. Final haundia berriz, BECen izango da abenduaren 13an. Bertsozale Elkartetik adierazi dutenaren arabera, leku aukeraketarekin, 2005ko arrakasta errepikatzeko asmoa daukate.
Bertso Eskolako sei lagun
Txapelketan, guztira, 44 bertsolarik hartuko dute parte, eta horietatik 6 Hernaniko Bertso Eskolakoak dira: Maialen Lujanbio, Unai Agirre eta Iñaki Zelaia hernaniarrak, eta Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi. Bertsolari aukeraketa egiteko, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren aurretik, probintzia mailako bost txapelketa jokatu dira, sailkapenekoak: Gipuzkoakoa, Bizkaiakoa, Arabakoa, Nafarroakoa eta Iparraldekoa. Bertatik sailkatu diren bertsolariak, final laurdenetatik hasiko dute lehia txapelketan. Hala ere, badira beste zazpi bertsolari zuzenean finalerdietarako sailkatu direnak, zazpiak orain lau urteko txapelketako finalistak izan baitziren: Maialen, Mendiluze, Arzallus, Maia, Colina, Iturriaga eta Elortza. Azkenik, Andoni Egaña, egungo txapelduna, BECen abenduaren 13an izango den finalean izango da zuzenean, irabazleak final haundirako plaza bermatua izaten baitu.