lau egun besterik ez dira geratzen hilaren 16rako eta hasi da zer edo zer nabaritzen Kaxkoan. Izan ere, ostegunean, Karmen egunean jai giroa izango da nagusi. Urtero bezala, egun osoan zehar izango dira ekitaldiak. Goizeko 09:00etan Dianak eta Mezak emango diote hasiera jaiegunari. Haurrek ere izango dute zertaz gozatu udalekuetako begiraleek haurrentzako jokoak antolatuko baitituzte 10:00etatik 12:00ak bitarte. Eguerdian, 12:00etan, jaien hasierako txupinazoa izango da eta Alkate makila eskuz aldatzea. Aurten Kale Nagusiko Rioja tabernako Maria Jesus Iturbe izango da Alkate, eta ohitura den bezala, aurreko urtean Alkate izandakoaren eskutik jasoko du makila; Manuel Yaben akordeonistaren eskutik, hain zuzen.
Itxitako dendei omenaldia
Ondoren, azken urteotan erretiroa hartuta denda itxi dutenei omenaldia egingo zaie dantzari eta trikitilarien laguntzarekin. Omenduak Eguzkiko Jesus Maria Mujika Arribillaga eta Arantxa Kortaberria Maestre, Anbotoko Valentin Mendizabal Uribarren eta Mari Tere Urizar Agirre, eta Zabalako Rosario Zabala Irazu eta Juan Migel Eizmendi Arruti izango dira.
Bazkariko txartelak gaur
Herri bazkaria ere egingo da tradizioari jarraituz. Plaza Berrin 14:00etan izango da eta txartelak erosteko azken eguna gaur da. Oindi tabernan edo Peña Okindegian eros daitezke 15 euroan. Migel Lujanbiok ere salduko ditu kalean zehar.
Arratsaldean, 16:00etan, karta saioa izango da Kardaberaz eta Kale Nagusian. Bikote mistoak edota emakumezkoez osatuak izan daitezke. 17:00etatik 19:00etara haurrentzat gaztelu puzgarriak izango dira Plaza Berrin eta tartean txokolate jana eta jokoak.
Ilunabarrean, 20:00etan sari banaketa egingo da eta ondoren sardinjatea Plaza Berrin musikaz lagunduta. Eguna bukatze aldera, festa amaierako txupinazoa izango da.