sAN fermin egunean hasi ziren jaiak Martindegi auzoan. Egun batzuk lasai pasa ondoren, ostiralean ekin zioten berriz, eta gaur festei agur esateko eguna iritsi da. Euskal Festa izango da gaur.
Aizkolari
eta harrijasotzaileak
Diana goizeko 10:30etan izango da eta 11:00etan bermuta hartuta, 12:00etan Euskal Festari hasiera emango diote. Batetik, aizkolarien arteko lehia ikusi ahalko da: Angel Arrospide eta Ander Erasun, Etxeberria bikotearen aurka. Eta, bestetik, Aimar Irigoien eta Beñat Telleria harrijasotzaileek erakustaldia egingo dute.
Bertsolariak eta trikitixa
13:00etan bertsolarien saio berezia hasiko da Andoni Egaña eta Xabi Paiarekin. 17:00etan trikitixa gustuko duenak, XIII. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketaz gozatzeko aukera izango du. Eta toka nahiago duenarentzat, 18:00etan Txapelketa Nagusia egingo da. 19:00etan bertsolarien bigarren saioari hasiera emango zaio eta ordu erdi beranduago txinga froga famatua egingo da.
Dantzaldia eta kalejira
Jaien amaiera tristea izaten bada ere, ‘Bidebatez’ taldea azken orduak alaitzen ariko da 20:00etan hasiko den dantzaldian. 23:00etan izango da festei amaiera emateko azken kalejira, eta gehiago nahi duenak datorren urtera arte itxoin beharko du.
Aurreko egunetan giro ederra
Aurreko egunetan giro ederra izan da eta azken egunean ere saltsa espero duten. Haurrek oso ondo pasa dute, besteak beste, haur jolas eta gaztelu puzgarriei esker.
Ostiraleko patata tortila lehiaketan eta sagardo dastaketan jendetza bildu zen, sagardo freskoa edatera. Gauean edandakoak jaisteko goizeko ordu txikiak arte dantzan aritu ziren, jo eta ke. Batzuk, tradizioari eutsiz, segidan ekin zioten larunbat goizeko kalejirari.
Atzo egun osoa kalean eman zuten auzotarrek, jan, edan eta dantza.