LURRALDEBUS txartela Renfeko gertuko linean erabili ahal izango da urte amaieratik aurrera; hala adierazi zuen asteazkenean Diputazioko bozeramailea den Eneko Goiak. Lurraldebus txartela 2007an jarri zen martxan Gipuzkoako herriarteko autobus lineatan. Ordutik hona, Eneko Goiak adierazitakoaren arabera, lanean dihardute zerbitzua beste garraiobideetara zabaltzeko: «Urte honetako azken hiruhilekoan hasita, Renfeko bidaiak Lurraldebus txartelarekin egin ahal izatea aurrera pauso haundia da , Renfek 7 milioi erabiltzaile baitauzka».
Deskonturik gabeko
bidaiak
Txartela Renfeko gertuko lineatan erabili ahal izango den arren, ez ditu herriarteko autobus zerbitzuek dituzten baldintzak izango.
Txartela erabiltzea orain arteko sistema baino erosoagoa izango da bidaiarientzat, baina ez dira bidaiak pilatuko. Hau da, herriarteko autobus zerbitzuetan bidaiak pilatu egiten dira, eta orduan eta bidai gehiago, orduan eta merkeagoak izaten dira. Renferen kasuan ordea, ez da horrelakorik izango.
Honetaz gain, Renfek normalean egiten dituen deskontuak ere ez dira aplikatuko. Egun, Renfek bono sistema du ohizko bidaiarientzat joan-etorria merkeagoa izan dadin. Beraz, txartela monedero bezala bakarrik erabili ahal izango da, eta bidaiak prezio arruntean ordainduko dira.
Bestalde, Eneko Goiak adierazi zuen, Diputazioa, Garraio Sailburua den Iñaki Arriolarekin biltzen ari dela, zerbitzua Eusko Tren garraiobidera ere zabaltzeko.
Taxietarako eta bizikleta
maileguetarako erabilgarria
Era berean, Diputaziotik adierazi dutenez, Lurraldebus txartelaren helburua da garraio guztietarako erabilgarria izatea. Horregatik, taxietarako eta bizikleta maileguetarako zabaltze lanetan dabiltza.
Taxien kasuan, asmoa da urte bukaera honetarako baita ere, taxiak txartel bakarraren bidez ordaindu ahal izatea. Alkilerreko bizikletetan berriz, intentzioa da d-Bizik Donostian ematen duen zerbitzua, txartelaren bidez ordaindu ahal izatea.
Azkenik, modu berean adierazi zuten aurtengo beste helburuetako bat dela herri arteko transbordoak debalde izatea. Orain arte, transbordoak autobus konpainia berarekin egiten badira, bilete bakarra ordaintzen da. Hortaz, lortu nahi dena da konpainia ezberdinetako transbordoeetan ere bilete bakarra ordaintzea.
Talde espezifikoentzako
deskontuak
Bestalde, Gipuzkoan erroldatuta daudenek, eta Lurraldebus txartela dutenek, talde espezifiko bateko txartela izateko aukera izango dute; hau da, umeena, gazteena, adineko pertsonena, ezinduena edo familia ugariarena.
Txartel espezifikoak uztailaren 1ean jarri ziren martxan, eta honakoak dira bakoitzari dagozkion deskontuak: hamar urtetik beherako umeak debalde; 10-24 urte bitarteko gazteek %20eko deskontua; 65 urtetik gorakoek %20eko deskontua; ezindu maila bat edo gehigo dutenek %65a, eta kasu honetan %20ko bonifikazioa izango dute; familia ugarikoek %20 edo %50 mailaren arabera; eta azkenik, errenta basikoa edo Politika Sozialeko konplementurenbat dutenek %100eko bonifikazioa.