San Joan egunean, Txantxangorri elkarteak antolatzen duen Amuarrain Arrantza Txapelketan, gazte koadrila haundi bat kañak hartuta, Urumea errekara joan eta amuarrainak arrantzatzen aritu ziren.
Bezperan botatakoak
San Joan bezperan 75 kilo amuarrain bota zituzten antolatzaileek Urumea errekan, Gipuzkoako Arrantza Federazioak emanak. San Joan egunean, gazteek 51 amuarrain harrapatu zituzten, 12’107 kilo denen artean.
Benjaminetan (10 urte arte), Urko Bereziartua izan zen irabazlea, 356 gramo harrapatuta. Alebinetan (10-12 urte bitarte), Xabi Urdanpilleta izan zen lehena; eta infantiletan (12-14 urte bitarte), Xabi Lizeaga izan zen finena. Pieza txukunen aurkeztu zuenari sari berezia eman zioten eta Xabier Lukasentzat izan zen saria.
Senda Vivako irteeraren inguruko lehiaketa
Bide batez, duela gutxi Senda Viva parkera egindako irteeraren inguruan antolatutako lehiaketako sariak banatu zituzten. Honakoak: Yerai Nieto, marrazki onena; Aitor Clemente, margo onena, Nerea Santana euskarazko idazlan onena, Marta Clemente, gaztelerazko idazlan onena, Jaione Beraza argazki onena eta Ainhoa Lasa, txisterik onena.