Gertuko bidaiak eta motzagoak krisiaren eraginez

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 6a, 02:00

Azkenean iritsi da udara. Eta udararekin batera, hainbeste desiatzen diren oporraldiak ere bai askorentzat. Kanpora nora eta nola joan izaten da orain kezka, eta gerrikoa estu­tzeko garaia dela kontuan hartuta... are gehiago! Dena dela, ez dirudi jendea etxean geratzeko prest dagoenik. Bidaiak zertxobait moldatu bai, baina aurrera. Her­naniarrek moldaketa horiek zertan eman dituzten eta nora bidaiatzeko asmoa duten jakin nahian, Kronika Hernani Bidaiak eta Eroski Bidaiak agentzietan ibili da galdezka.

Mediterraneoa eta Balear eta Kanariar irlak nagusi
Begoña Lujanbio Eroski Bidaiakeko arduradunaren arabera, goizegi da oraindik eskariaren inguruko balorazioa egiteko, baina oraingoz ez dute beheraka handiegirik sumatu. Hernaniarrek bidaia­tze­ko aukeratzen dituzten lekuak ere betikoak dira. Gehienak Estatuan egiten dira eta Mediterraneora, eta Balear eta Kanariar irletara joaten dira. Gainera, prezio eskuragarrian daude bidaia horiek Lujanbioren esanetan. Aipa­tzeko, Mallorcara edota Me­diterraneo inguruetara (Salou, Cambrills, Benidorm...) astebeterako joatea, 3 edo 4 izarretako hotela izanik, pertsonako 300 euro inguruan lortu daiteke. «Hori bai, irteera puntualak izaten dira, ez nahi diren egunean», azaldu du Lu- janbiok.

Bidaia laburragoak eta merkeagoak
Maitane Colorado Eroski Bi­daiakeko langilearen arabera, Estatutik kanpo orain jende gutxiago joaten da eta epe laburragoko bidaiak egiten ditu. Horretaz aparte, bidaia merkeagoei begira­tzen zaie orain. «Lehen gutxi gora-behera buruko 600 bat euro gastatzeko prest izaten zen jendea, baina orain 300-400 inguruan ibiltzen da gehiengoa. Gainera, azkeneko momenturaino itxoiteko joera dago azken orduko eskaintzak eta deskontuak aprobetxatzeko asmoz».

Euroaren balioa aprobetxatuz
Joan den urtean, Olinpiadak zirela eta, Txi­na izan zen urteko berezitasuna Estatutik kanpora, baina aurten ez da lekurik nabarmendu. Dena dela, euroa dagoen bezala, askok Ame­riketako Estatu Batue­tara eta Londresera joateko apro­be­txatzen dutela dio Lujan­biok. «Batik bat Londre­sera ha­si da orain mugitzen jendea orain dela 4 urte libera zegoen bezala kontuan hartuz izugarri jaitsi delako». Bes­tal­de, Estan­bulera ere jende asko anima­tzen dela aipatu du Lu­janbiok, «izan ere udan harako hegaldi zuzena jartzen du­te».

Karibera bere horretan
Hainbaten amets izaten diren Kariberako bidaien prezioak ez direla askorik aldatu diote bai Lujanbiok eta bai Colo­radok. Izan ere, aurreikuspenak direla eta, eguneko hegaldien kopurua jaitsi egin da eta horrek hegaldi bakoi­tza garestitu egin du. Toki baterako hegaldi asko izaten direnean, prezio merkeagoak jartzen dira jendea erakartzeko. Gutxi jartzen baldin badira ziurtatuta daukate beteko direla eta orduan prezioa igotzen dute, azaldu du Lujanbiok. Dena dela, itsasoaren beste aldera joan nahi izanez gero, Mexiko aukera bat izan daiteke. Gripearen eraginez bertarako bidaiak zertxobait merketu dira, Co­loradok esan duenez.

Beste planak
Diru askorik gastatu gabe bi­daiatzeko modu ederra izan daiteke campingera joatea. Aukera hori, ordea, beren agentzian ez da askorik igo, Coloradok azaldu duenez. Bestetan bezala, Cantabriako eta Landetako bungalow-etara joaten da jende asko. Landetako eskaintzak orain artean bezala oso ongi fun­tzionatzen duela dio Colo­radok. Nekazal­turismoe­tako planak, bestalde, Euskal Herrian berdin jarraitzen du. Eskaria beste urtetakoen an­tzekoa da. Bestalde, aurreikuspenen arabera, kruzeroek behera egingo dutela dio Lujanbiok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!