hernaniko Udala Sari Nagusia plater tiro txapelketa izan zen San Joan jaietako azken egunean. Txapelketa probintzia mailakoa izaten da, eta Santa Barbara mendiko tiro zelaian jokatzen da. Txapelketa urteko garrantzitsuenetakoa izaten da modalitate honetara dedikatzen direnentzat, izen oneko txapelketa izateaz gain, sariak ere bikainak izaten baitira.
Lau kategoriatan jokatua
Txapelketa lau kategoriatan jokatu zen, eta aurrenekoan eta bigarrenean, nagusietan, Jon Azpeitia izan zen txapeldun; airera botatako 25 plateretatik bat bera era ez zuen utzi jo gabe.
Hirugarren kategorian Jose Mari Otamendi izan zen onena, airera botatako 25 plateretatik 24 jo baitzituen.
Laugarren kategorian eta hasierakoan berriz, irabazlea Oier Agirrezabala izan zen, aurrekoaren marka berarekin 25etik 24 jota.
Azkenik, beterano onena Manuel Amiano izan zen, emakume onena Mª Jose Olaskoaga eta junior onena Iñaki Artetxe.