EKAINA hasieran hasi ziren Karabelgo zubia txukuntzeko obrak. Udalak Gobernu zentraletik jasotako diru fondoarekin finantziatuko ditu obra hauek. Gobernu zentralak jarritako baldintzetako bat izan da obra hauek aurten hasi eta aurten bukatzea, eta egindako aurreikuspenen arabera, obrek urria amaierarako bukatuta egon behar lukete.
Obra honek 1.260.500 euroko aurrekontua du. Zubia txukuntzeko lan hauetan egingo dutena da, Zubipeko zelai aldera dagoen oinezkoentzako espaloia kendu eta beste aldean espaloi zabalago bat eraiki, 3 bat metro zabalekoa. Alde honetan zubiaren zati bat airean geratuko litzateke, hau da, hegal moduko bat eraikiko litzateke alde honetan. Zubiak bi norabideetako karrilak izaten jarraituko du, eta oinezkoentzako bidea eta errepidearen artean bidegorri bat eraikiko dute.
Obraren faseak
eta trafikoa
Momentu honetan Karabelgo gasolindegiko errotondatik Zinkoenearantz dijoan karrilean ari dira lanean. Beste karrila libre utzi dute trafikoa pasatzeko. Bukatzean beste karrilean hasiko dira eta orain itxita dagoen hau ireki. Irekitako karrilak beti Karabel alderako norabidean irekiko dituzte, herritik ateratzeko.
Karabelgo zubiko karril bat itxi zenetik herrira sartzeko bide nagusietako bat itxita geratu da eta honek herriko trafikoan izan du eragina. Azken asteetan Portutik herrira dijoan bidean eta Florida azpiko pasabidean trafikoa ugaritu da nabarmen. Herrira sartzeko Axalako eta Sorgintxuloko sarrerak erabili daitezke eta herrira sartu behar ez bada, Astigarraga edo Urnieta aldera joateko bariantea erabili daiteke.
Obren jarraipena www.hernani.net-en
Hernaniko Udalaren web orrian, www.hernani.net-en, herrian egiten ari diren obren berri ematen da, Hirigintza, inbertsioak eta obrak atalean. Bertan obren planoak, faseak, memoria, aurrekontuak eta abar kontsulta daitezke.