Hernanin badira zenbait rock talde eta batzuk orain gutxi hasiak dira jendartean jotzen. Horien artean ditugu Met-Heav eta Beti Goruntz taldeak. Lehenengo taldeak Rock-heavy estiloa jotzen du eta bigarrenak Pop-rocka. Gaur, gaueko 22:00etan, emango duten kontzertuetan, orain artean aukerarik izan ez duenak, talde berri hauek ezagutzeko aukera izango du Tilosetan.
Met-Heav talde gaztea
Met-Heav taldea 2008 urte amaieran sortu zen Hernanin. Bateria (Jonander) eta gitarrak (Xabi) elkarrekin Heavy eta Rock estiloko abestiak jotzeko asmoa zuten, eta Javi (abeslaria) eta Unairi (gitar-jolea) eurekin jotzera animatzen ziren galdegin zieten. Geroztik kontzertu bat baino gehiago eman dute. Maiatzean taldeari Agustin batu zitzaien bajista bezala. Gaur, lehenengo aldiz joko dute jendaurrean bost kideek.
Beti Goruntz indartsu
Beti Goruntz taldea ere gaztea da eta hernaniarra; duela bi urte hasi zen jotzen eta musika eskolan entsaiatzen dute. Josune Marinek gitarra jo eta abestu egiten du; Xabi Agirrezabalak gitarra jotzen du; Iker Izagirrek teklatua eta Joan Patxek bateria.
Gauerdia gerturatzen doan heinean, punk-rock doinuak nagusituko dira Tilosetan. Hiru kontzertu izango dira 23:00etatik aurrera. La Urss, Porco Bravo eta Gasangreb taldeek joko dute, hain zuzen. La Urss taldea Granadakoa da eta 70-80 hamarkadako punka jotzen du. Duela gutxi Producto LP-a atera zuten. Porco Bravo taldea, berriz, Barakaldotik dator. Denbora gutxian oso ezagunak egin dira eskaintzen dituzten kontzertu kañeroengatik. Euren abestietan 70 hamarkadako rock mitikoa eta 80 hamarkadako rock hoberena nahasten dituzte, baina XXI. mendeko ikuspegiarekin. Azkenik, Gasangreb talde hernaniarrak joko du. Gasangreb taldea lau kidek osatzen dute eta Florida auzoan dauden ensaio lokaletan jotzen dute. Punk eta rock oso agresiboa egiten dute euren iritziz. «Ez da hardcore-a guztiz, baina badu hardcore-aren amorrua. 70 hamarkadan egiten zen estilo bat litzake». 10 bat kanta propio dituzte, eta horietaz aparte, beste musika taldeen kanten bertsioak egiten dituzte.