Pertsonaia ezagunak berpiztuko ditu aurten San Joan Konpartsak Hernaniko kaleetan paseatzeko: Pexeta pezetak eskatzen, Poeta poemak banatzen, Antonio eta bere karroa, Doroteo Irigoien medikua... Konpartsako kideak Benefizentziaren maketa erraldoia egiten aritu dira azken asteetan, Milagrosako kapera eta guzti, 60 eta 70eko hamarkadetako garaiak gogora ekartzeko asmoz. Desfilean 70-80 lagun inguruk hartuko du parte eta horietako batzuk Karitateko Alaben mojaz jantzita joango dira, haien buruko ikusgarri eta guzti. Horrez gain, dantzariak ere izango dira desfilean, baserritarrez jantzita.
Liburuxka kalean
Urtero bezala, San Joan Konpartsak liburuxka bat kaleratu du, kasu honetan Benefizentziaren historia eta kontu zaharrak ezagutaraziz; desfilean zehar izango da eskuragarri.
Konpartsa 18:30etan aterako da plazatik eta ohiko kalejira egingo du antzerki eta musikaz alaiturik.