GAUR koadrilen arteko eguna izanik, koadrilako blusek eta kamisetek kolorez jantziko dituzte herriko kaleak. Egun koloretsua izango da, dudarik gabe, umorea eta giroa ere ez baitira faltako. Ziurrenik goizean goizetik herritar asko ibiliko da kalean gora eta behera beren koadrilako nortasunaren ikurra erakutsiz, baina ahaztu ezin duten hitzordua dute eguerdiko 12:30etan Plazan. Izan ere, koadrilen arteko brindisa egingo da aurten, aurreneko aldiz. Jai Batzordeak bultzatuta, brindisa herritarren harremanak eta herri giroa sustatzeko asmoarekin egingo da. Betikoak txarangako emakume koadrilak aurkeztuko du brindisa. Urtero-urtero jaietan parte hartuz erakutsi duten konpromisoagatik eta egin duten lanagatik aukeratu dituzte gainerako koadrilek.
Bazkaria Tilosetan
Ohi bezala, 14:00etan, Gazte Asanbladak antolatuta, bazkaria egingo da. Eguraldi ona eginez gero, Tilosetan izango da, eta txarra eginez gero, Atsegindegin. Hasierakoak eta paella izango da menua eta 350 lagunentzako txartelak saldu dituzte. Bazkarira koadrila asko gerturatuko diren arren, urtero bezala, beste askok beren kasa ospatuko dute koadrilen eguna. Hori bai, eurak ere mahaiaren bueltan, dela elkarteetan, dela jatetxeetan.
Playback eta Joko Eroak
Plazako bazkaria bukatutakoan, bertaratutakoek beren talentua erakusteko aukera izango dute. Playback modukoa dago antolatuta, eta norberak gustoko duena egiteko aprobetxatu ahal izango du: dantzatu, abestu, bertsoren bat bota... Zein abesti erabaki ez dakienarentzat ez da aitzakiarik izango, zenbait abestiren letrak banatuko baitituzte bertan.
Show-arekin nahikoa barre egin ez duenak, berriz, aukera izango du arratsaldeko 19:30etan Tilosetara hurbilduta. Txosna Batzordeak antolatuta Joko Eroak izango dira bertan. Joko dibertigarri ugariz gozatzeko aukera izango da. Ur jolasak izango direla aurreratu dute, baina sorpresa mordoska ere izango dira tartean.
Txarangen atzetik
Bestalde, brindisa baino lehen giroan murgiltzen joan nahi duenak aukera izango du 11:00etan irtengo den Betiola-Elizatxo txarangarekin. Eta bazkari ederra egin ostean, tripa arintzen joateko, kale bueltan txarangaren atzetik joatea ere ideia ona izan liteke. Hori ere posible izango da arratsaldeko 19:00etan aterako den Betikoak txarangarekin. Eguna ondo bukatzeko, berriz, gaueko 24:00etatik aurrera, Incansables txarangarekin batera gozatzeko aukera izango da.