Preludioa den bezala, San Joan eguna ere egun berezia izaten da bai Txistulari Bandarentzat, bai eta Musika Bandarentzat ere. Hori dela eta, ukitu berezia ematen ahalegintzen dira gaurko egunez eskaini ohi duten kontzertuetan. Patxi Apezetxeak zuzendutako Udal Txistulari Bandak eskainiko du lehenengo kontzertua. Plazan, udaletxeko arkupeetan izango da, eguerdiko 12:00etan. Ondoren, eguerdiko 13:15etan, Zipri Otxandorenaren zuzendaritzapean joko du Musika Bandak.
Publikoarekin bat
Txistu Bandak zortzi abesti joko ditu. Horien artean, Markesaren alaba abesti herrikoia joko dute eta bertaratutakoei abestiaren letra emango diete eurekin batera abestu dezaten. Partaideak Hernani eta inguruko txistulariak, metal boskotea eta Kriskitiña dantza taldea izango dira. Guztira, 30 lagun inguru. Urtero bezala, San Joan Zortzikoarekin amaituko da kontzertua.
Denetariko kontzertua
Musika Bandak, ohiko paso dobleekin hasiko du kontzertua, baina lehenengoa nabarmentzekoa da Otxandorenak Kronikari jakinarazi dionez. Izan ere, Joakin Ortega Canario hernaniarrak konposatutako abestia da. San Joanak direla eta, hiru pieza berezi joko dituzte: I will follow him jai giroa indartzeko, Latin celebration salsa erritmoekin, eta Benny Goodman: The king of swing. Kontzertua A Igarondo abestiarekin amaituko dute, urtero bezala.