HAURREN danborradan, 1974garren urtean hartu zuten parte, lehenengo aldiz, hernaniarrek. Ordutik ez dute hutsik egin eta urtero, 100 haur inguruk herriko kaleak alaitzen dituzte euren danbor hotsekin, goizeko 11:30etatik aurrera.
Haur danborradan 6-12 urte bitarteko neska-mutilek hartzen dute parte danborjole, barriljole, sukaldari edo kantinera gisa. Ohi bezala, 10 bat abesti joko dituzte. Horien artean: Donostiako martxa eta Tatiago, Hernaniko, Santa Barbarako eta Etxeberriko martxak, Preskuarena eta Katiuska.
Hasieran, Santa Barbara elkarteak soilik antolatzen bazuen ere, orain dela 28 urtetatik Etxeberri elkartearekin batera aritzen da. Eta urtero bezala, bi elkarteetako haurrak Santa Barbara elkartetik aterako dira. Berriro, elkartera itzuli aurretik, Urbieta, Elkano, Kardaberaz eta Kale Nagusitik igaroz, Plazara iritsiko dira. Ordu eta erdiko saioa izango da haurrek tartean behar dituzten atsedenak eginez.
Lasarteko danborjoleak
Agustin Peña Santa Barbara elkarteko antolatzaileetako bat da eta Hernanin danborrada bultzatu zuenetako bat ere bai. «Hasieratik nago. Joan Mari Aurtenetxe, Jesus Alzada, Juan Crespo eta ni izan ginen sorreran. 1971tik 1973ra Lasarteko danborjoleak etorri ziren hona jotzera eta hurrengo urtean geuk antolatzea erabaki genuen». Egun, Migel Anjel Gorrotxategirekin eta beste bost kiderekin aritzen da haur nahiz helduen danborrada martxan jartzen.
Eguna iristeko
desiatzen
Maiatzaren amaiera alderako hasiak ziren entsaioekin bi elkarteetako haurrak. Eta Etxeberrikoei dagokienez, gaurko eguna iristeko desiatzen zeudela azaldu dio Kronikari Alejandro Sanchez elkarteko antolatzaileak. «Gogotsu daude eta baita gu ere. Izan ere, umeek jarrera ona dute gurekiko. Oso esker onekoak dira».