Benefizentzia etxea Bostehun urte aterik itxi gabe

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 25a, 02:00

harri zimurtuz egindako edifizio han­di bat da, gazte gehienentzat, gaur egungo Ongintza Pa­tronatuko Zaha­rren Egoitza. Baina gutxik izango dute haren aurrekoaren berri, portalez kanpo zegoena, oraingoaren ondoan. Gehi­enez ere akordatuko dira ikastola izan zela edo txikitan injekzioak jartzera eramaten zituztela hara. Helduagoei aldiz, Santa Maria Magdalena Be­ne­fi­zen­tziak bizipen ugari ekartzen dizkie go­gora, herrian izan zuen inpaktuaren erakusgarri. Hain justu, San Joan Konpartsak Be­nefizentzia etxe horretako historiez jan­tziko ditu aurtengo festetan kaleak. Gogorapenak biltzeko San Joan konpartsako arduradunek herritarrak dei­tu zituzten bilera batera duela hilabete pare bat. Biteriko koarto hartan bildu zirenek Bene­fi­zen­tzia zaha­rraz zekitena esplikatu zuten, kon­tu alaiak ba­tzuk eta kontu tristeak besteak, denak Her­naniko historiaren parte. Izan ere, Benefizentzia da gure herriko erakunde zaharrenetako bat, bere zuztarrak Erdi Arora luzatzen baititu.


Kale Nagusiko ospitale txikitik, palazio dotore batera
Benefizentziak izen ugari izan ditu ia bost mendeko ibilbidean: ospitale, erre­sidentzi, miserikordia etxe... Lehe­nengo berria 1529koa da eta or­duan Kale Nagusia eta Zinkoenea artean zegoen 10 oheko ospitale txiki bat zela dakigu, Santa Maria Mag­dalena ize­nekoa (oraindik izen horrekin segitzen du). Orduko ospitaleak gehiago ziren erromes eta behar­tsuentzako babesleku senda-toki baino. Hainbat mendez txoko horretan iraun zuen ospitaleak eta maiordomo batek gestio­na­tzen zituen horko di­ru kontuak. XIX. mendean Uda­le­txe­ak izen­­datutako Junta bat egin zen ospitalearen kar­gu eta badirudi ordurako bere ka­pa­zitatea eskasa zela: ...no se pueden alojar en el mas de 13 o cuando más 15 pobres del pueblo..., dio udal artxiboko dokumentu batek. 1866an Antonio Murua her­naniar aberatsak palazio dotore bat egin zuen ´Chingurrichulo` eta Txan­txilla artean eta han jarri zuten Be­ne­fi­zen­tzia berria. Santa Maria Magda­lenaren irudia edifizio batetik bestera eraman zutenean inauguratu zen ofizialki.


Karitateko alaben mojak
1884an Karitateko Alaben mojek hartu zuten Benefizentziako asilatuak zain­tzeko ardura. 118 urtez egin zuten lan hori, 2003an Zaharren Egoitzetik joan ziren arte. Benefizentzia eramateaz gain eskola ere sortu zuten aldameneko lur zati batean. Hain zuzen, aurten ospatu du haren ondorengo den In­ma­cu­lada ikastetxeak 125. urteurrena. Hernaniarren artean arrasto handia utzi duen eskola izan da mojena, honela zioen duela gutxi Kronikan Ester Fer­nandez ikasle izandakoak: ´An­tzer­kia egiten genuen dotore-dotore jan­tzita, mojak pianoa jotzen zuen... ederki pasatzen genuen!` Karitateko mojen artean asko ezagunak ziren, bai hernaniarrak zirelako edota herriko aktibitateetan parte har­tzen zutelako (Sor Maria Miner, Sor Maria Gorrotxategi, Sor Agustina Amo­na­rraiz, sor Juana sukaldaria...). Baina za­lantzarik gabe gehien agintzen zue­na Sor Patrocinio Coscujuela superiora zen. Moja honek urte mordoa egin zu­en Hernanin superiora izaten eta ho­rre­gatik 1942an Udalak Adop­ziozko Alaba izendatu zuen.


Ospitale militarra 1937an
Ez dira gutxi Benefizentziaren inguruan gertatutako istorioak, baina agian ezagunena 1918ko baztangadunena da. Lasartetik Her­na­nira gaitz horretaz ku­tsa­tutako hainbat pertsona ekarri nahi zituzten eta pelea galanta izan zen ondorioz. Her­na­niarrak (ba­tez ere emakumeak) kalera atera ziren ho­ri eragozteko eta Be­ne­fi­zen­tziako eraikina petrolioz busti ere egin zuten su emateko. Su­zeso horren berri emanez Josefa Zubeldiaren ber­tso-sorta geratu zaigu, ho­nela dio bertso batek:


Zibilla pranko baizan zaldi galantakin, guri desapiyoka beren ezpatakin, ez giñan ez izutu oyek guziyekin, danok atera giñan mirari aundiyakin.


1920ko hamarkadan miserikordi etxean hainbat erreforma egin zituzten. Helburua zen gaitz kutsagarriak zi­­tuzten gaixoak isolatzea (gertu zeuden oraindik 1918ko gri­pe eta baztanga ka­suak). Erreforma ho­riei esker beste pabilioi bat eraiki zen, bai eta sokorro gela bat eta kapera berri bat ere (egun zutik dagoen Mi­lagrosako kapera). Erai­­kinak saloi eder bat zuen pianoarekin, eta sa­rreran hola jartzen zuen letra handitan: Santa Casa de Be­ne­ficencia. Ge­rra zibilak erabat markatu zuen instituzio horren hurrengo urteetako zeregina. 1937an ospital militar bihurtu zen heritu frankistak hartzeko eta gutxienez 18 soldadu izan ziren bertan. Gastuak kubritzeko, agintari frankistek ´kuota` batzuk eskatu zizkieten herriko enpresariei, ho­rietako askok ´egoera ekonomiko txarra` alegatu zuten dirurik ez or­daintzeko. Gerra bukatu zenean egoera ez zen hobetu, urte luzetako gosea etorri bai­tzen. Benefizentziak bazituen ukuilua, oilategia eta baratzerako lurrak goseari nola hala aurre egiteko, baina hala ere, denbora luzean herriko enpresa eta elkarteen laguntza behar izan zuten bertako asilatuek. Esaterako, Santa Barbara elkarteak urtero ematen zuen jatekoren bat, baita Caja Mu­ni­zipalak ere, Carrero lantegiak, berriz, jantziak eta mantak erregalatzen zituen...


Antonio Usarraga eta bere karroa
Benefizentzia etxea 1980ko hamarkada arte erabili zen asilatuentzako, Zaharren Egoitza berria egin zuten arte. Denbora horretan hamaika ume eta heldu bizi izan zen bertan eta horietako batzuk oso ezagunak eta maitatuak izan ziren herrian. Hori da Antonio Usa­rra­ga­ren kasua. San Joan Konpartsak, besteak bes­te, gogoan izango du Antonio Usa­rra­ga aurtengo festetan, izan ere, bere ka­rroarekin zenbat buelta ez ote zituen eman gure kaleetan. Antonio elbarri zegoen eta karro batean ibiltzen zen. Karro hori egiteko herritar guztiek hartu zuten parte, baita An­tonio batetik bestera txandaka eramateko ere. Haren iru­dia beti egongo da loturik Her­na­ni­ko futbol partiduekin, Be­ne­fi­zen­tzia­re­kin eta elkar la­guntzen zuen herri batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!