GAUR arratsaldean herriko preso eta iheslarien eskubideen alde egiteko eta haien senideei babesa adierazteko ekitaldia izango da, Plazan, arratsaldeko 20:00etan hasita.
Errekurtsoa
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, Espainiako Gobernuak duen delegatuak errekurtsoa jartzeko agindu dio Estatuko abokatutzari, ekitaldi hau San Joanetako egitarauan jartzeko erabakiaren kontra. Hedabideek zabaldu dutenez, errekurtsoa joan den ostiralean jarri zuten Donostiako epaitegian, eta errekurtso honen helburua da gaurko ekitaldia bertan behera gelditzea. Estatuko abokatutzak argudiatu duenez, ekitaldi hau egitea ez dator bat Eusko Legebiltzarrean onartu zen terrorismoko biktimen errekonozimenduaren legearekin.
«Presoen eskubideen
aldeko ekitaldia»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu du gaurkoa preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekitaldia dela, eta aipatu du eskubideen aldarrikapena ez dela delitua. Bide horretan, preso eta iheslarien eskubideen defentsan eta elkartasuna adierazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Kartelak
Bestalde AAMk jakinarazi duenez, asteazkenean goizeko 04:00ak aldera, Ertzaintza herrian barrena izan zen hainbat kartel kentzen.