San Joan jaiak ahalik eta ondoen bizitzeko, arauak errespetatzea eskatu du Udaleko Babes Zibilak

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 23a, 02:00

SAN Joan jaietan herritarren segurtasuna bermatzeko eta istripuak saihesteko arauen berri eman du Udaleko Babes Zibilak. Arauak honako gaien ingurukoak dira: San Joan sua, elementu piroteknikoak, beirak eta sokamuturra.

San Joan sua egiteko baldintzak
San Joan bezperako gaua gaur gauean izango dela kontuan izanda, Udalak adierazi du sua leku publikoetan egin nahi izanez gero, Udalari baimena eskatu behar zaiola. Udalak baimenak eman ditzake honako baldintzak bete­tzen badira: sua jartzeko lekua aukeratzerakoan, kontuan izan behar da tenperaturak edo suak askatzen dituen partikulek beste su iturririk ez sortzea; sua egiteko erabiliko diren materialak egurra eta papera izatea; sua egiten ari den bitartean arduraduna edo honen ordezkoa bertan izatea guztiz itzali arte; gurasoek kontuan izatea haurrak su ingurura ez hurbiltzearen ardura berea dela; eta haizearen indarra eta norabidea kontuan izatea. San Joan sua egiteko baimena idatziz eskatu behar zaio Alkate-lehendakariari. Eskaera egiteko orduan honakoak aurkeztu behar dira: suaren arduradunaren izena, bi abizenak, NAN, helbidea, telefonoa eta sua non egingo den adierazten duen planoa. Udalak eskubidea izango du emandako baimenak edozein unetan baliogabetzeko, hala egitea guztien mesederako bada. Bestalde, adierazitako baldintzak betetzen ez dituztenei administrazio zigo­rrak jarri ahal izango dizkiete.

Helarazitako gainerako arauak
Udalak jakinarazi dituen gainerako arauak honakoak dira: elementu piroteknikoak ez erabiltzea, umeek debekatua baitaukate eta ondorio oso larriak izan baititzakete;kalean botilak ez uztea, edonork hartu eta puska baititzake; eta sokamuturrean 16 urtetik beherako neska mutilek parte ez hartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!