Alkatearen jaietako agurra:

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 23a, 02:00

MARIAN Beitialarrangoitia, Hernaniko Alkateak, San Joa­netako agurra transmititu nahi izan die hernaniarrei. Ondorengoa da Alkateak San Joan festen inguruan zabaldu duen mezua: «San Joan jaiak bertan ditugu eta guztiz aprobetxatzeko egunak dira, eta 5 baino ez direnez zukua atera behar zaie. Modu asko daude jaiaz gozatzeko, bakoitzak berea aukeratuko du noski, baina beti ere elkarri errespetatuz egitea nahi genuke, denon interesak erabat lotzea beti erraza ez bada ere. Udalak bere aldetik, urtero legez, esfortzu berezia egin du aurten jai egitarauaren antolaketan behar beste indar eta errekur­tso jartzen, urterik errazena izaten ari ez bada ere, eguneroko ardura eta kezkei aurre egiteko honelako atsedenaldi edo tarte batek duen garrantziaren jakitun. Hori dela eta, egitarauan antolatu denaz gozatu eta urte guztiko zamari eusteko indarrak har ditzazuen nahi nuke, egun batzuetan kezka eta arazoak alboan uzterik duzuen neurrian hala egin dezazuen. Ea ekainak 27 gauerdian gehienon ahotan ondo pasa dugula esan eta aurpegian irribarrea azaltzeko moduan gauden, baita etxean norbait falta dutenek hauen hutsunea betetzea ez lortuta ere, edota bazterketa zein bitarteko falta paira­tzen dutenek beste askok baino errekurtso gutxiago izan arren festarako. Izan ere dena ez da dirua, egitarauarekin lotu eta jaian murgiltzeko dirua ez da baldintza bakarra. Era batera edo bestera, guztiz edo erdizka jaiez gozatzerik duzuenei, antolatutakoaz disfrutatzera gonbidatu nahi zaituztegu, urtero jende asko aritzen baita lanean 5 egunez zoriontasuna partitu nahian, eta aurten bereziki azpimarratzekoa da Jai Ba­tzordean aritu direnen inplikazioa dena egoki eta ondo prestatzeko. Nik neuk badut urteko nekeak eta kezkak uxatzeko egitarauan bilatu eta antolatutakoan parte hartuz jarduteko asmoa, bidean zuetako asko aurkitzea espero dut, eta ahalegin berezia jarri gauzak neurriz eginda besteen nahia errespetatzeko, atseden hartu nahi dutenena tartean. Dena kontsumoa eta zarata ez delako, festak besterik ere badirelako, ea bada atseden tarte honen ostean gozatua sufritua baino gehiago den guztiontzat. Ondotik urtebete osoa dugu lanerako, eta ez dirudi azken 12 hilabeteak baino errazagoa izango denik.

Beraz momentuan momentukoari eutsiz
GORA SAN JOAN JAIAK!
GORA HERNANI!»
Marian Beitialarrangoitia, Alkatea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!