TXOSNAK irekiko dira gaur arratsalde eta gau partean bost eguneko festa giroari aurre egiteko prest. Askok San Joanak bertatik atera gabe igarotzen dituzte eta giroa animatze aldera Txosna Batzordeak hainbat ekintza antolatu ditu. Gaur, esaterako, Molotoff Irratiko txosnan izango den Reggae Sound System saioa txosna batzordeak antolatu du. Bertan reggae doinuak izango dira protagonista; Andoaingo Jan Inity, Birminghametik etorritako Murray Man, eta herriko Aritz Sound Systemen eskutik. Saioa gaueko 23:00etan hasiko da, Molotoff irratiko txosnan. Ekainaren 25ean, ostegunean, Koadrilen Egunean Jolas Eroak antolatu ditu Txosna Batzordeak. Koadrilen arteko bazkari ondorena girotzeko, joko dibertigarriak, ur jolasak eta sorpresak izango dira. Arratsaldeko 19:30etan hasita, Tilosetan. Ekainaren 26ean, Triki Bertso poteoa izango da txosnetan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Unai Gaztelumendi izango dira bertsotan.
Txosnetako ordutegia
Aurtengo San Joanetan 11 txosna izango dira, 10 Tilosetan eta bat Plaza Berrin. Aurten iaz baino txosna bat gehiago izango da, Esait/Kick Boxing-ena.
Txosnek goizaldera arteko ordutegia izaten dute: gaur, ekainaren 26, ostiralean, eta ekainaren 27, larunbatean, goizeko 07:00ak arte izango dira irekita. Ekainaren 24an eta 25ean, asteazkenean eta ostegunean, goizeko 06:00ak arte izango dira txosnak irekita. Txosnak itxi baino ordubete lehenago musika jaitsi behar dute.
Basoak berrerabiltzea
Aurtengoan ere basoak berrerabiltzeko ekimena jarriko du martxan Txosna Batzordeak. Euro baten truke behin eta berriro erabiltzeko plastiko gogorreko basoa eskuratu ahal izango da. Basoa etxera eraman ahal izango da, eta txosnan utziz gero, ez dute dirurik bueltatuko.
Bestalde, behin eta berriro erabiltzeko baso hauek urtero lemaren bat izaten dute. Iaz Txikiziorik ez izan zen aukeratutako lema. Aurtengoan, Jai parekideen alde emakumeak borrokan. Autodefentsa izango da basoek idatzita izango duten lema.
Edarien prezioari dagokionean, Txosna Batzordeak jakinarazi du iazko prezio berak izango direla aurten ere.
Musika txosnetan
Aurtengoan Tilosetan, lau gune ezberdinetan banatu dute musika. Horietako batean, Molotoff Irratiko txosnako gunean, gauero musika jartzaileak izango dira. Bihar antolatu duten Punk Gauaren barruan, Aborto fallido taldearen kontzertua izango da, DJ Nokonoko eta Dj Iñigito musika jartzaileekin batera.
Asteazkenetik larunbatera arte ere izango dira musika jartzaileak Molotoff Irratiko txosnan, azpiko taulan ikusi daitezkeenak.
Ostiralean
kontzertuak
Tilosetan
Bestalde, ostiralean bi kontzertu izango dira Tilosetan. Aurrenekoa gaueko 22:00etatik aurrera izango da eta Hernaniko bi taldek joko dute, musikari gaztez osatutako taldak biak ere: rock-heavy estiloko Met Heav eta pop-rock estiloko Beti Goruntz.
Gaueko 23:00etan hasiko da bigarren kontzertua; Granadatik datorren La Urss taldea, Barakaldoko Porco Bravo eta Hernaniko Gasangreb.
Hernaniko Paket Flat DJ kolektiboa gaur gauean
Bestalde,gaur gauean Hernaniko kideak dituen Paket Flat DJ Kolektiboa izango da musika jartzen Biteriko plazan. Teknoa, elektroa, minimal estiloko erritmoak izango dira protagonista saio honetan. Gaueko 23:00etan hasita.
Ekainak 23, astelehena
l Reggae Sound System. Jah Inity (Andoaingo reggae sound systema); Murray Man (Ingalaterako reggae abeslaria); Aritz Sound System (Hernani, Musika Beltza). Molotoff Irratiko txosnan, 23:00etan.
l Gau elektronikoa. Paket Flat Kolektiboa (Hernani). 23:00etan, Biteri plazan.
Ekainak 24, asteartea
l Kulturarteko musika emanaldia. ‘Zirly’ talde bereberra eta May Gorostiaga klownaren monologoa. Amher elkarteak antolatuta. 18:00etan, Txantxangorri elkarte ondoko oholtzan.
l Punk gaua. ‘Aborto fallido’ taldearen kontzertua; DJ Nokono (Donostia); DJ Iñigito (Donostia). 23:00etan, Molotoff Irratiko txosnan.
Ekainak 25, asteazkena
l Musika jartzaileak. DZ (Lasarte-Billabona- Asteasu.Rap Funk); DJ Talo (Hernani, Etno-Tekno...) eta Aritz Sound System (Hernani, Musika Beltza).23:00etan, Molotoff Irratiko txosnan.
l Hesian taldearen kontzertua. Gaueko 23:00etan, Atsegindegin.
Ekainak 26, ostirala
l Elektro txaranga, txosna batzordeak antolatuta. Gaueko 22:00etan, kaleetan zehar.
l Met Heav (Rock heavy, Hernani) eta Beti Goruntz (Pop rock, Hernani). Gaueko 22:00etan, Tilosetan.
l Binilozko xiringak gaua. Daddy Jeff (Hernani, hip-hop); Blue Eye (Donostia, Beats); Prest DJ (Andoain-Hernani. Break drum & jungle); Rikikuzu eta Momotombo (Hernani. Breakfunkhouse). 23:00etan, Molotoff Irratiko txosnan).
l Rock kontzertua. La Urss (Granada), Porco Bravo (Barakaldo) eta Gasangreb (Hernani). Gaueko 23:00etan, Tilosetan.
Ekainak 27, larunbata
l Samba taldearekin perkusioa. Arratsaldeko 20:00etan, herriko kaleetan zehar. l Selektah Sound System. Selektah Kolektiboko kideen sound systema: Aritz Sound System, musika aukeraketan eta mikrofonoan: Barakaldoko Maisha eta 121 Crew, Bilboko Norte Apache, Hernaniko Raul ‘Black Jiko’ eta hainbat lagun. Gaueko 23:00etan, Molotoff Irratiko txosnan.