AXERI , maxkuri, soka eta gainerakoak prest dira herritarrek hainbeste desiatzen duten Axeri dantzarako. Ostegun, ostiral eta larunbatean, goizeko 9:00etan Plaza edo Kaxko inguruan dabilenak nahiko lan izango du maxkuri beroaldiren bat jaso gabe geratzeko. Izan ere, Axeri dantzakoak, euren sokan nor ehizatuko adi eta maxkuriak dantzan jartzeko prest egongo dira. Hiru egunetarako ia 700 maxkuri enkargatu dituzte. Beraz, tentu handiarekin ibili beharko dute, batez ere, ordu horietan ugari izaten diren gaupasa zaleek; trago batzuk gainean eta lorik egin gabe gorputza ez baita bestetan bezain arin izaten.
Mistoa larunbatean
Gainerako urteetan bezala, 18 lagun inguruk hartuko dute parte Axeri dantzan. Garai batean gizonezkoak soilik ateratzen baziren ere, gaur egun, emakumezkoak ere animatzen dira. Horiek azken Axeri dantzan hartuko dute parte, hau da, larunbatean.
Axeri dantzak batez ere, San Joanetan du oihartzuna, baina Inauterietan ere egiten da, nahiz eta ezberdina izan. Aldea hasierako dantzan dago, inauterietan suge dantza delakoa egiten baita Jon Alejosek Kronikari azaldu dionez.
Fisikoki ondo prestatuta
Axeri dantza 9:00etan hasten bada ere, partaideak 7:30etarako biltzen dira maxkuriak prestatu, puztu eta soka jartzeko. Axeri dantzan ateratzea gogor samarra da eta komeni izaten zaie nahiko fresko egotea goizeko ordu horietan, baina festak izanik ez da erraza parrandari uko egitea. «Lehen gaupasa eginda ateratzen ziren asko, baina orain ez. Ez dut esango 10etarako etxeratzen garenik, baina 6ak arte behintzat ez gara geratzen», azaldu digu Alejosek. Gainera, gustoko lekuan aldaparik ez da izaten eta kasu honetan sakrifizio txiki bat egitea ez zaiela kostatzen dio Alejosek: «Jendea gogoz egoten da eta gu ere bai. 4-5 hilabete lehenago hasten da jendea honetarako prestatzen». Norbera bere kasa prestatzen da fisikoki, ez da entrenamendu edo entsaiorik izaten.
Inoiz baino maxkuri gehiago
Maxkuri faltarik ere ez da izango, hiru egunetarako ia 700 enkargatu baitituzte. «Egunean 200 bat maxkuri behar izaten ditugu. Beste urtetan 600ekin eskas ibili izan gara eta aurten gehiago eskatzea erabaki dugu. Izan ere, batzuk lehorregiak egoten dira eta bigarren kolperako puskatu egiten dira».