Abileziak plazaratzeko ordua iritsi da

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 23a, 02:00

ZORTZI entsaiorekin soilik, baina ondo landutako en­tsaioekin, 5-12 urte bitarteko 74 neska-mutilek dantzarako duten abilezia erakutsiko dute gaur, haurren aurreskuan. Aurreskua, urtero bezala, 17:00etan hasiko da Plazan. Aurreko urteetan bai­no haur gutxiagok hartuko dute parte, baina aurten ere, ikuskizun bikainaz go­zatzeko aukera izango du gerturatzen den orok.

Dantza saioaren egituraketa
Hasteko, gaztetxoek soka bat egingo dute eta plazari buelta emango diote. Ondoren, aurrenekoek, hau da, aurreskua dantzatzen dutenek, eta azkenekoek, atzeskua dan­tzatzen dutenek, sokatik atera eta desafioa egingo diote elkarri, dantzan. Segidan, arku bat egin eta haurrak azpitik igaroko dira. Horren ostean, mutilek ba­nan-banan alpargata dantza egingo dute. Norberak bere estiloan. Gero, aurreskua eta atzeskua dantzatuko duten launa mutikok beren bikoteak hartu eta plaza erdira eramango dituzte. Bertan, agurra dantzatuko diete. Amaitzean, hasieran osatutako zinta egingo dute berriro, eta mutilek zortzikoa dantzatuko diete bikoteei. Behin bikoteak osatuta daudela, arin arina eta fandangoa dantzatuko dute denek batera. Jarraian, Plaza atzean utzi eta haurrek kale bueltari ekingo diote geldialdiak eginez. Bakoitzean zortzikoa, fandangoa eta arin arina dantzatuko dituzte. Buelta amaitu ondoren, hasitako lekura, Plazara itzuliko dira. Bertan, dantzaldiari amaiera emango diote. Eta indarrak berreskuratzeko merienda zain izango dute Udaletxeko arkupetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!