EGUZKIAK dantza San Joanetan, dio esaera zaharrak. Eguzkiari aurre hartuz, ordea, herritar eta gaur gauean plazara gerturatzen diren guztiek izango dute dantza egiteko aukera suaren inguruan. Urtero bezala, San Joan sua 21:30etan piztuko da gau misteriotsu honi hasiera emanez. Suaren alboan, herritarrek aurreskua dantzatuko dute eta ondoren, herriko 25 bat emakumek San Joan Kantaita eskainiko dute San Joan suko txinpartekin batera giroa berotuz. Izan ere, ospakizunak hastapenetako zentzua galdu duen arren, aitzakia ederra da festarako.
Suaren sekretua
Roxario Pikabea Hernaniko basozainak du San Joan sua egiteko zeregina hirugarren urtez jarraian. Izan ere, basozainei dagokiela azaldu dio Kronikari. «Guk egiten ez badugu, nork egingo du ba!». Sua 21:30etan izaten da, baina bera ordu erdi lehenago heltzen da plazara guztia prestatzera. «Kamiotik dena atera eta pila egiten dut egurrekin».
Suak indarra hartzeko erabiltzen duen sekretua ere kontatu digu: «egur xehearekin pizten dut sua eta indarra hartzen hasten denean, egur handiagoak botatzen dizkiot». Egurra biltzen egun bat edo bi lehenago hasten da, betiere kontuan izanda egurrak lehorra egon behar duela. Egurra menditik biltzen du, «esplotazioa egon den lekutik» eta pinu adaxkak izaten dira.
Urteko sasoi honetan, eguzkia egitea litzateke normalena, baina euria egitea ere posible dela badaki Roxariok. Dena dela, ez du asko kezkatzen horrek. «Orain artean ez dit egin eta aurten ere hala izango dela espero dut».
Kantaita inoiz baino
dotoreago
Suak indarra hartu bezain laster, aurresku herrikoian parte hartzeko eta Kantaitaz gozatzeko aukera izango da. Kantaita zortzigarren urtea da aurten eskainiko dela eta adin ezberdinetako 25 bat emakumek hartuko dute parte.
Garai batean, emakumeek San Joan gau bezperan kantatzen zuten abestia da. Nahiz eta herrian mantendu ez, Nafarroako Urdiainen iraun zuen, eta handik ekarri zuten abestia Pepi Arrospidek azaldu digunez. «2000. urtean sortu zen abesti hau berreskuratzeko ideia. Ramon Garcia Iraultza dantza taldekoak komentatu zidan eta momentu hartan pentsatu nuen, beste lan bat». Baina hark Marijo Mendiolari ere aipatu zion eta konpartsa barruan hitz egiten hasi ziren ideia nola bideratu erabakitzeko. Dirua biltzen hasi eta martxan jarri ziren. «Gona berriak behar genituen eta Bergararaino joan nintzen oihala erostera. Koste handia zuen proiektuak», gogoratzen du Arrospidek. Ordutik pixkanaka jantzia egiten joan dira eta aurten izango da amaituta ikusteko aukera. «Aurten de estreno aterako gara. Jantziaren goiko zatia berria izango da».
Dantza eta kantu honek gogoratzen du garai batean emakumeak San Joan bezperan joaten zirela garia biltzera. Garai bateko erritual modukoa da.
Suaren garrak itzaltzen hasten direnean, ausartenek su gainetik salto egiteko aukera izango dute gainerakoak suari begira sorginduta dauden bitartean. Sua indarra galduz joango da, baina San Joan egunaren magia ezingo da baretu datozen bost egunetan, behintzat.